Iñaki Uria aholkularia. (Argazkia: Maxixatzen)
Indarrean sartu arren, Datuak Babesteko Araudi Orokorra 2018ko maiatzaren 25etik aurrera aplikatuko dute. Eta horren inguruko zalantzak argitze aldera, Azkoitiko Udaleko euskara zerbitzuak merkatariei zuzenduta antolatu dituen
formakuntza saioen barruan, Iñaki Uriak hitzaldi bat emango du bihar, asteartea. Datuak babesteko araudiaz arituko da aholkularia, eta, besteak beste, kasu praktikoak azaldu eta derrigorrez hartu beharreko konpromisoak zeintzuk diren argituko du. Izan ere, araua bete ezean ezar daitezkeen zigorrak 900 eta 600.000 euro artekoak izan daitezke. Elkarguneko Oteiza aretoan izango da hitzaldia, 15:00etatik 16:00etara bitartean.
Datu pertsonalak babesteko eskubidea herritar guztien oinarrizko eskubidea da, baina gero eta informazio gehiago jartzen du jendeak ikusgai. Informazio horrek balio handia du enpresentzat, euren produktuen publizitatea edo salmenta errazten duelako. Errealitate hori aintzat hartuta, hainbat galdera erantzungo ditu Uriak: "Noiz urratzen du araua saltoki batek? Esaterako, eska diezaioke dentista edo estetika zentro baten arduradunak telefono zenbakia bezeroari eta gorde? Edota deskontuak eta opariak zozketatzen direnean, eska daiteke telefonoa? Erabil dezakete nire argazkia?".
Arauak gauza bat agintzen du beti: kasu guztietan, pertsonaren baimena behar dela, baimen hori behar bezala erregistratu behar dela eta egiaztagarria izan behar dela. Gauza bera gertatzen da, adibidez, curriculumarekin: araudiak informazio horren tratamendurako prozedura bat definitzen du. Gai horietan sakontzeko aukera izango da biharko saioan.
Hitzaldi horretaz gain, Facebook eta Instagram sare sozialen inguruko ikastaroak ere eskainiko ditu udalak. Informazio gehiago jasotzeko, 943-85 71 75 telefonora deitu edo
euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi behar da.