Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen zubia Aste Santurako eraikitzea aurreikusten du Azkoitiko Udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko aza. 3a, 12:01

Pasabidearen proiektua bukatzear du udalak, eta berehala ekingo die exekuzio lanei. Pasagunea oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da, eta bidegorri sarea osatzeko balioko du. Zubiaren aurrekontua 174.608 eurokoa da.

Pasagunea eraikiko duten gunea. (Azkoitiko Udala) Azkoitiko Jausoro eta Altzibar auzoak lotuko dituen oinezkoen pasabidearen proiektua bukatzear du udalak, eta berehala ekingo die exekuzio lanei. Zubi horrek bi herriguneren arteko konexioa "nabarmen" hobetuko du, udalaren arabera. Udalak aurrez alternatiben azterketa egin zuen "aukerarik hoberena" lehenesteko, kokapena, ekonomia edota ingurumen integrazioa aintzat hartuta. Behin erabakia hartuta, proiektua garatzen ari dira une honetan. Proiektuaren arabera, pasagunea Altzibar plaza kalearen ondoan eraikiko dute, Piensos Elosukorta saltokiaren ondoko kalearen paretik Jausoro auzora, hain justu. Pasagunea oinezkoentzat eta txirrindularientzat izango da, eta bidegorri sarea osatzeko balioko du. Izan ere, zubiak txirrindularien bi ibilbide nagusi lotuko ditu: Anaitasuna Plaza kalekoa eta Jausoro auzoa zeharkatzen dituena. Udalak azaldu duenez, hainbat gauza izan dituzte kontuan proiektua garatzerakoan: "Bidegorriaren ibilbidea zuzena izatea Altzibarko irteeran, ibilgailurik ez ibiltzea edota garajeetako irteerak ez oztopatzea". Zubiaren aurrekontua 174.608 eurokoa da, eta udalaren aurreikuspenen arabera, proiektua azaro amaierarako bukatuta izango da. Aste Santu ingururako zubia martxan izatea aurreikusten du udalak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide