Gaur emango dute Aita Mari aretoan Estiu 1993. (Caramel)
Aita Mari zinema aretoa hotstabetzeko egindako lanek behartuta, Ostarrena zineklubak antolatutako zineforum denboraldia ohi baino hilabete geroago hasiko da. Gaur bertan hasiko dute udazkeneko zikloa Estiu 1993 pelikula katalanarekin. Saioa 22:00etan hasiko da, eta sarrerak 5 euro balioko du.
Carla Simon zuzendariaren debuteko lana da
Estiu 1993, eta zuzendariak berak bizitako gertaera batzuk ditu oinarri filmak. Amaren heriotzaren ondoren, Fridak, 6 urteko haurrak, bere lehen uda pasatu beharko du amarik gabe; adopzio familiarekin egongo da, eta bizimodu berrira moldatu beharko du.
Pelikulak harrera bikaina izan du aurkeztu duten zinema jaialdietan: aurtengo Berlingo jaialdian erakutsi zuten, eta bertan aurreneko pelikula onenaren saria eta epaimahaiarena jaso zituen. Malagako jaialdian sari nagusia eta kritikarena eskuratu zituen. Ez horiek bakarrik, Espainiako zinema akademiak Oscar sarietarako Espainiako ordezkari bezala aukeratu du.
Horrez gain, urte bukaerara bitartean, beste lau pelikula ere eskainiko dituzte Aita Mari aretoan. Hamabost egun barru, azaroaren 16an, Christopher Nolan zinemagile britainiarraren azken lana emango dute,
Dunkerque. Nolanek aurretik
Memento eta Origen filmak zuzendu ditu. Azken lanean II. Mundu Gerraren hasierako gertaera bat hartu du abiapuntu: Frantziako Dunkerque hiriaren hutsaraztea kontatzen du filmak. Alemaniako naziak Frantzian sartu zirenean, Erresuma Batuko, Frantziako eta Belgikako 300.000 soldadu baino gehiagok ihes egin zuten. Kostaldetik atera eta Erresuma Batura joan ziren.
Azaroaren 30ean Britainiako beste film bat ikusteko aukera izango da Zumaian: William Oldroyden
Lady Macbeth. 2016ko Donostiako Zinemaldian Fipresci saria jaso zuen lan horrek.
Lady Macbeth Ingalaterrako etxalde batean kokatzen da, 1865. urtean. Katherine ez da pozik bizi senar desatsegin eta zaharrarekin, eta haren familia gaizto eta errukigabearekin. Etxaldeko langile gazte batekin maiteminduko da. Maitasun horretatik, sekulako indar geldiezina piztuko da emakume gaztearen barnean, eta ezerk ez dio galaraziko nahi duen hori lortzea.
Abenduko bi zinema saioetan urrunagoko zinemaz gozatzeko aukera izango da Aita Marin: abenduaren 14an, Mohamed Diab egiptoarraren Clash filma emango du Ostarrenak. Abenduaren 28an, berriz, Train to Busan Hego Koreako Sang-Ho Yeon zuzendariaren filma, zonbien gaia lantzen duena.
EGITARAUA
2017-2018 zineforuma
- Azaroak 2. Estiu 1993. Zuzendaria: Carla Simon.
- Azaroak 16. Dunkerque. Zuzendaria: Christopher Nolan.
- Azaroak 30. Lady Macbeth. Zuzendaria: William Oldroyd.
- Abenduak 14. Clash. Zuzendaria: Mohamed Diab.
- Abenduak 28. Train to Busan. Zuzendaria: Sang-Ho Yeon.