Iazko ikastaroetan hartutako irudi bat. (Azkoitiko Udala)
Bigarren urtez jarraian, Azkoitiko Udaleko euskara zerbitzuak ostalariei eta merkatariei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu. Iaz sare sozialen inguruko lau saioko ikastaroa egin zuten, negozioa nahiz produktuak nola sustatu jakiteko. Oraingoan ere Facebookari helduko diote, baina maila aurreratuagoan. Besteak beste, zozketak eta eskaintzak edo deskontuak nola egin irakatsiko diete merkatariei. Horrez gain, Instagram sare soziala erabiltzen ere irakatsiko dute.
Bere garaian, inkesta bat egin zuen udalak merkatarien artean, haiei zer baliabide eskaini ahal zizkien jakiteko, eta Marijose Arregi Euskara zinegotziaren arabera, sare sozialen inguruko formakuntza eskatu zuten. "Iazko ikastaroaren balorazioa positiboa egin genuen, eta aurten beste urrats bat emango dugu. Uste dut gaur egun saio hauei probetxua ateratzen diela negozio bat kudeatzen duen edonork".
Facebook eta Instagram
Facebookeko ikastaroak hiru ordu eta erdiko iraupena izango du, eta azaroaren 21ean eta 22an izango dira saioak. Tailerrak Elkarguneako KzGuneako gelan izango dira, 14:30etik 16:00etara. Instagram sare sozialaren funtzionamendua ere azalduko dute, smartphona edo ordenagailua erabiliz irudiak eta bideoak partekatzen irakasteko. Ikastaro hori azaroaren 14an eta 15ean emango dute, 14:00etatik 16:00etara, Elkarguneako KzGunean. Egitaraua osatzeko, datu babesaren inguruko hitzaldi bat emango du gai horretan aditua den IƱaki Uria aholkulariak. Saioa azaroaren 7an izango da, 15:00etatik 16:00etara, Elkarguneako Oteiza aretoan.
Facebook eta Instagram ikastaroetarako partaide kopurua mugatua da. Bederatzi lagunekoa bakoitzean, alegia. Udalak ostalarien eta merkatarien artean banatu ditu jada informazio liburuxkak izen-ematea nola egin azaltzeko. Interesa dutenek 943-85 71 75 telefonora dei dezakete edo
euskara@azkoitia.eus helbidera idatzi.