2.400 euro bildu dituzte Azkoitian, Beningo umeei laguntzeko

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko urr. 30a, 10:30

Gazteak eta Garapena taldeak antolatuta, Beningo kaleko umeei laguntzeko eguna egin zuten larunbatean. Egitasmoa lagundu duten guztiei eskerrak eman dizkiete antolatzaileek.

(Floreaga) Joan den larunbatean, Solidaritate Pintxoa, Bigarren Eskuko Denda eta Alai Batzak umeentzat antolatutako jolasak eta tailerrak egin zituzten Azkoitiko plazan, Gazteak eta Garapena taldeak antolatuta. Haien arabera, jai giroko ekimen "ederra" izan zen, Beninen salestarrek kaleko umeei laguntzeko dituzten proiektuen alde. Eguraldi eskasa egin zuen, baina, hala ere, bisitari ugari joan zen Kontzejupera. Azken egunotan jende askoren laguntza jaso du Gazteak eta Garapena taldeak. Azkoitiko hainbat harakinek eta okinek beren produktuak eman dizkiete opari (Bittor, Iñigo Agirre, Traki, Zumardi, Otzarreta, Landakanda, Beheko Okindegia). Elkarte edo soziedeek ere laguntza handia eman diete (Ardatz, Txuri Urdin, Martitte, Plaza Berri, Hiru Iturri, Izkitturri, Xoxote, Errebaleko Txokoa, Iraurgi, Beti Poz, Abiola). Hainbat tabernarik ere edaria edota pintxoak eman dizkiete doan (Alejandro, Arkupe, Batzokia, Orbela, Zurt, Latz, Dean, San Agustin). Gainera, hainbat dendarik ere babesa eman diete (FK, Ameztoi, Berastegi Baserria – Xoxote gazta, Itziar). Horrez gain, familia askok etxean prestatutako pintxoak eta postreak eman zizkieten musutruk. Antolatzaileen esanetan, "inoiz baino hornituago" egon zen barra, pintxo ugari eta kalitate bikainekoak izan baitziren bertan. Bestalde, jende askok  opariak eskaini zituzten bigarren eskuko dendan saltzeko. Gainera, Gazteak eta Garapena taldeko gaztetxo ugari aritu zen barran lanean, dendan saltzen, zozketako bileteak saltzen… Antolatzaileek azaldu dutenez, jende ugari joan zen pintxoak eta tragoak dastatzera eta laguntza ekonomikoa ematera. Denei eskerrak eman nahi izan dizkiete. Guztira, 2.400 euro bildu dituzte Beninera bidaltzeko. Zozketako azken bileteak ere saldu zituzten, eta saria azaroaren 2ko ONCE zenbakiarekin emango dute. Azkoitiko Udalaren laguntza ere nabarmendu dute antolatzaileek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide