Datorren astean hasiko dira Azkoitiko IV. Orbel Jokoak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko urr. 27a, 17:45

Azkoitiko Maxixatzen euskara elkarteak antolatu ditu, ondo pasatuz, euskara eta euskal kultura bultzatzeko. Azaroaren 2an hasiko da lehiaketa, eta abenduaren 2an jokatuko da finala.

(Argazkia: Maxixatzen) Azkoitiko Maxixatzen euskara elkarteak, hitzaren bidez jolastea proposatuz, IV. Orbel Jokoak antolatu ditu. Euskaran eta euskal kulturan sustraituta, ondo pasatzea da jokoaren helburua. Modu horretan, herritarrek elkar hobeto ezagutzeko aukera izango dute, eta, bide batez, kontu berriak ikasteko ere bai.
Aurreko edizioetako antzeko dinamika izango du lehiaketak. Azaroaren 2an –osteguna– hasiko da, eta hiru astez, ostegunero, galderak eta probak proposatuko dizkiete antolatzaileek partaideei,eta haiek astebete izango dute erantzuteko. Erantzunak ostegunerako entregatu beharko dira, webgunean edo tabernetan utziko dituzten kaxetan. Punturik gehien lortzen dituzten hiru taldeak sailkatuko dira finalera. Abenduaren 2an jokatuko da finala, Euskararen Nazioarteko Egunaren bezperan. Aurrez izena ematea, ezinbestekoa Parte hartzeko hiru laguneko taldea osatu behar da. Taldearen izena eta taldekideenak zein kide bakoitzaren e-mailak maxixatzen.eus atarian Orbel-Jokoetarako sortuko duten atalean edo tabernetan utziko duten kaxetan utzi beharko dira, lehen asteko galderen erantzunekin batera. Behin izena emanda eta parte hartzen hasita, hurrengo asteetako probei erantzuten jarraitu beharko dute taldeek. Irabazleentzat hainbat sari izango dira. Egutegia: -1. proba: azaroaren 2tik 9ra. -2. proba: azaroaren 9tik 16ra. -3. proba: azaroaren 16tik 23ra.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide