(Argazkia: Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak, Azkoitia Lagunkoiaren eskutik, "zahartzaro aktiboa eta osasungarria" sustatu nahi du, eta hori bultzatzeko, adin nagusiko pertsonei zuzendutako ikastaroak antolatu ditu datorren hilabeterako. Ikastaroen helburua da adinekoei informatika mundura hurbiltzeko aukera eskaintzea. "Adinekoen bizi kalitatea hobetzea nahi dugu, eta horrek esan nahi du garapenerako aukerak eskaini behar zaizkiela, bizitzeko modu osasungarriak, sozialak eta parte hartzaileak indartuta", azaldu du Nekane LarraƱaga zinegotziak.
Lehenengo ikastaroa azaroaren 13tik 17ra emango dute
Zure lehenengo urratsak informatika munduan izenburupean. Hamar orduko iraupena izango du ikastaroak, eta saioak 18:00etatik 20:00etara izango dira. Bigarren ikastaroan, berriz, Internetari buruzko oinarrizko ezagupenak irakatsiko dituzte. Azken hori azaroaren 14tik 27ra izango da, eta partaideek, besteak beste, nabigatzen edota posta elektronikoak bidaltzen ikasiko dute. Ikastaro horrek 20 ordu iraungo du, eta 16:00etatik 18:00etara izango dira saioak.
Ikastaro biak Elkargunean izango dira, KzGunearen gelan. Bata zein bestea doakoak dira, eta izen-emate epea jada zabalik dago. Interesa dutenek 943-02 36 19 telefonora deitu dezakete (arratsaldez) inskribatzeko edo
tutor.azkoitia@kzgunea.net helbidera idatzi.
Emozioei buruzko tailerra
Informatikako ikastaroen ostean, Azkoitia Lagunkoiak emozioen inguruko tailerrarekin emango dio jarraipena bere jarduerari. Matia Fundazioarekin elkarlanean antolatuko da tailerra eta adituen eskutik, arlo psikologikoa landuko da. Datorren urte hasieran izango da, baina oraindik ez da data zehaztu.