Euskararen Nazioarteko Egunerako –abenduak 3– egitaraua berritzeko balio dezaketen ideiak saritu ditu Azkoitiko Euskara Mahaiak. Horretarako, ideia lehiaketa egin dute, eta, guztira, 75 proposamen jaso ondoren, "hiru ideia berritzaile" saritu dituzte. Azkoitia BHIko, Urola lanbide eskolako eta Floreaga salestar ikastetxeko ikasleek parte hartu dute bertan. DBHko ikasleek egin dituzte proposamen gehienak, eta "eskoletan egin duten lan handia" eskertu nahi izan du euskara mahaiak.
Lehen saria (200 euro) DBH 1eko Urko Sudupek eta Haritz Alberdik irabazi dute,
Azkoittik euskaraz bizi nahi du ideiari esker. Besteak beste, herriko talde eta eragile guztiak gonbidatuko dituzte ekitaldian parte hartzera, eta talde bakoitzari euskararen aldeko mezu bat eskatuko diote. Epaimahaiak herriko taldeen parte hartzea baloratu du.
Bigarren saria (100 euro), DBH 2ko Laura Larrañagak irabazi du,
Lagun ezkutua ideiarekin. Gutun trukaketa bat proposatzen du, Xabier Munibe ikastolako eta Floreaga ikastetxeko ikasleen artean. Bi eskoletako ikasleen harremanak estutzeko ekintza izatea baloratu du Euskara Mahaiak.
Hirugarren saria (50 euro) DBH 2ko hiru laguneko taldeak irabazi du: Alba Zabalak, Aroa Zamorak eta Eider Caballerok.
Euskara hegan izenburupean, puxikak aireratuko dituzte barruan euskarari buruzko esaldiren bat idatzita. Puxikak behera jaisten direnean, bakoitzak beste baten puxika hartu eta barruko mezua irakurriko du.
Guztira, 75 ideia jaso ditu Euskara Mahaiak, eta parte hartze altua azpimarratu dute. Ideia berriak izatea baloratu dute, eta haietako batzuk baztertu egin dituzte, aurrez beste herrietako jai edo ekitaldietan egin direnak direlako. Ideiak aztertu ondoren, gaztetxoek Euskararen Eguna herriko mobilizazio batekin edo herritar guztien parte hartzearekin lotzen dutela nabarmendu du Euskara Mahaiak. Izan ere, proposamenetan adin guztietako herritarrak hartu dituzte kontuan: "Euskararen Eguna gauza herrikoi eta parte hartzaile batekin identifikatzen dutela dirudi", azaldu dute.