‘Hozkailua’ antzezlanarekin hasiko da 2017-2018 antzerki denboraldia

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urr. 18a, 09:38

Huts teatroaren lana ostiralean aurkeztuko da, 22:00etatik aurrera, Alondegiko Oxford aretoan. Ander Lipus eta Patricia Urrutia aktoreek parte hartzen dute obran

Hozkailua antzezlana. (Artedrama) Huts teatroa antzerki konpainiaren azken lanarekin hasiko da Zumaiako 2017-2018 antzerki denboraldia. Urte amaierara bitartean sei antzezlan ikusteko aukera izango da Zumaian. Horiei dantza saio berezi bat gehituko zaie. Zumaian aski ezaguna den Ander Lipus aktore eta antzerki eragile bizkaitarra buru duen Hozkailua ikusteko aukera izango da etzi Alondegiko Oxford aretoan, 22:00etan. Oholtzan Patricia Urrutia aktorea ere ariko da, Unai Iturriagak idatzi eta Manex Fuchsek zuzendutako lanean. Bidaia bitxi baten kontakizuna da Hozkailua. Maite eta Karlos herririk herri dabiltza hozkailu zahar batekin. Hozkailuaren barruan, garagardo lata eta hestekien artean, Londresetik dakarten Jimmy lagunaren hilotza daramate. Zin egin baitzioten Jimmyri bere jaioterrian lur emango ziotela. Nongoa zen galdetzea ahaztu zuten, ordea. Zinezko adiskidantza bat azaleratuko duen ezinezko bilaketa baten istorioa da Hozkailua. Sarrerak salgai daude Zumaiako Turismo Bulegoan, 5 euroan. Sarrerak mugatuak dira. Antzerkia eta dantza Ostiralekoaz gain, urte bukaera bitartean beste bost antzezlan ikusteko aukera izango da. Helduentzako bi antzezlan izango dira, haurrentzako beste bi eta nerabeentzako beste bat. Azaroaren 7an, Tanttaka teatroaren Muxua antzezlana izango da. Ikastetxeetako ikasleentzako emanaldi berezia izango da. Azaroaren 12an Gus marionetasen Cletaren ametsa haurrentzako saioa izango da, eta hilaren 24an Iris Teatroren Frida. Hiru saio horiek Aita Marin izango dira. Abenduaren 15ean, Aita Marin, Tartean teatroak Ez dok hiru antzezlana aurkeztuko du. Gabonen bueltan beste bi ikuskizun izango dira, biak Maria eta Joseko aretoan: abenduaren 23an Glu gluren Go!azen eta 29an Astindu dantza taldeak eta Korrontzik sortutako Korrontzi benefic dantza emanaldia.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide