Lankide baten kaleratzea salatu dute Zumaiako Okin enpresako langileek

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko urr. 17a, 10:34

Atzo elkarretaratzea egin zuten langileek, Okinek Zumaiako Joxe Mari Korta industrialdean duen lantegiaren aurrean. Orain dela bi aste langile bat kaleratu zuten Okinen.

Elkarretaratzea egin zuten atzo enpresaren aurrean. (ELA) Langile baten kaleratzea salatzeko, Okinek gaixotzen zaitu, Okinek kaleratzen zaitu lelopean, elkarretaratzea egin zuten atzo Okin enpresako langileek. Enpresako langileen batzordeak deituta egin zuten kontzentrazioa, Okinek Zumaiako Joxe Mari Korta industriagunean duen lantegiaren aurrean. Orain dela bi aste langile bat kaleratu zuten Okinetik, ELA sindikatuko Zigor Gazpiok azaldu duenez. 30 urte inguru ditu lanik gabe utzi duten beharginak, eta hamar urteko esperientzia zuen Okinen. "Denbora honetan azterketa mediko guztiak pasatu ditu, eta orain bi urte, irinari alergia gogorra ziola antzeman zioten langileari. Enpresa saiatu da behargina lantegian tokiz aldatzen, baina leku horietan ere segituan ateratzen zitzaizkion orbanak". Okin enpresa Indauxek eta Urkabek osatzen duten talde berekoa dela jakinda, langilea beste lantegietara toki aldatzea eskatu diote enpresari. "Langilea horretarako prest zegoen, baina, batzordekideekin hitz egin gabe, kaleratu egin dute. Oso gogorra izan da, bera gaizki dago, lana egin nahi du, eta kaleratu egin dute". Horren aurrean, ELAko ordezkari Gazpiok esan du gaixotasuna duen langileari irtenbide "duina" ematea eskatzen dutela.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide