Azkoitiko Udalak "irmoki" gaitzetsi du Ana Belen Jimenezen hilketa. Haren hilotza Miranda Ebron (Burgos, Espainia) agertu zen atzo, auto baten barruan, indarkeria zantzu nabarmenekin. 44 urte zituen, eta Gasteizkoa zen. Banatzeko prozesuan zegoen, eta haren bikotekide ohia atxilotu dute emakumea hiltzea leporatuta.
Azkoitiko Udalak elkartasuna adierazi die biktimaren senideei eta haren hurbilekoei, eta "indarkeria sexistaren kontra eta emakumeen eta gizonen arteko berdintasunaren alde lanean jarraitzeko konpromisoa" berretsi du, "indarkeria matxista bere adierazpen eta forma guztietan desagertu arte". Horrez gain, herritarrak animatu ditu Sostenipe talde feministak deitutako elkarretaratzean parte hartzera. 19:30ean bilduko dira, plazan.