Azkoitiko Anaitasuna futbol klubak Argazkia Gorrixekin egitasmoa jarri du martxan, "jarraitzaile txikienen ilusioa egia bihurtu nahian". Ekimen horren bidez, 3 eta 12 urte bitarteko neska-mutilekĀ Anaitasunako Espainiako Hirugarren Mailako jokalariekin argazkia ateratzeko aukera izango dute. Txerloian jokatutako partidetan izango da horretarako aukera; dena den, etxeko neurketa guztietan ez da errepikatuko ekimena, eta klubak aldez aurretik jakinaraziko du noiz egingo den. CD Basconia taldearen aurka jokatuko du Anaitasunak zapatuan, 17:00etan, eta partida horretarako izena emateko epea irekita dago jada. Horretarako, mezu bat idatzi behar da
argazkiagorrixekin@gmail.com helbidera. Astelehenetik ostiraleko 17:00ak bitartean idatzi beharko da mezua, haurraren izen abizenak, eta adina idatziz.
Izena emandako neska-mutil guztien artean zozketa egingo dute, eta 11 haurrek izango dute aukera argazkian agertzeko. Jokalariei eskutik helduta zelairatuko dira haurrak berdegunera, eta ondoren, zelaian bertan, argazkia aterako dute denek batera. Ostiralean jakinaraziko du klubak zein 11 umek izango duten argazkia jokalariekin ateratzeko aukera. Argazkirako, beharrezkoa izango da Anaitasunako kamiseta gorria jantzita izatea. Ondoren, klubak bakoitzaren helbide elektronikora bidaliko du argazkia, doan.