Osasun hezkuntza sustatzeko lehen lan saioa egin dute Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ira. 26a, 18:17

Helburu nagusia da Komunitateko Osasun Mahaia sortzea, gero Adikzioen Prebentzio Komunitariorako Tokiko Plana garatu ahal izateko. Biharko saioa bertan behera gelditu da; hurrengoa, urriaren 2an izango da.

Atzoko saioko irudi bat. (Azkoitiko Udala) Azkoitian Komunitateko Osasun Mahaia sortzeko martxan jarritako parte hartze prozesuaren lehenengo lan saioa atzo egin zuten, Elkargunean. Azkoitia bizi eta osasuntsu baten alde lanean jarraitzea da egitasmoaren helburua. Aurretik, hainbat bilera egin dituzte udal teknikariek eta ordezkari politikoek, eta, atzokoan, herritarrak eta elkarteak bildu ziren. Prozesuak bilatzen duena da positiboak diren eta herrian funtzionatzen duten baliabideei, ohiturei zein esperientziei balioa ematea, "arazoei ikuspegi ezkor batetik heldu beharrean". "Kontua ez da arazoen inguruan ez hitz egitea, baizik eta benetan funtzionatzen duen hori deskubrituz jorratzea arazoak", azaldu dute aldaketa eta garapen prozesuetan adituak eta Azkoitiko prozesuaren dinamizatzaileak diren Nestor Sangronizek eta Nerea Zuazuak. Erabiltzen ari diren metodologia Ikerketa Apreziatiboa bezala ezagutzen da; hain zuzen, interes taldeak inplikatzen ditu potentzial positiboa handituz. Atzoko tailerrak oso profil ezberdineko pertsonak erakarri zituen. Binakako eta launakako taldeetan aritu ziren esperientziak eta bizipen onenak partekatuz, hiru eremutan: pertsona, taldea eta komunitatea. Helburu nagusia da Komunitateko Osasun Mahaia sortzea, gero Adikzioen Prebentzio Komunitariorako Tokiko Plana garatu ahal izateko. Hurrengo saioa urriaren 2an izango da, Elkargunean, 18:00etatik 20:00etara. Biharkoa, irailaren 27koa, bertan behera geratu da. Izena emateko 943-85 71 76 telefonora deitu edo alkatetza@azkoitia.eus helbidera idatzi beharko da.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide