Azkoitiko Udala lokal bat egokitzen ari da plazan, Torre Zuri erakustokiaren ondoan. (Maxixatzen)
Hurkoa erakundeak egoitza irekiko du laster Azkoitiko plazan, udalarekin lortutako akordioari esker. Irabazi asmorik gabeko erakundea da Hurkoa, 1990. urtean Donostiako Elizbarrutiko Caritasen ekimenez sortua, eta erakundearen egitekoa da mendekotasun edo babesgabetasun egoeran dauden adineko pertsonei eta buruko gaixotasunak dituztenei arreta eskaintzea, haiek zaintzea eta haien eskubideak defendatzea.
Hurkoak bere zerbitzuak eskaintzen dituen laugarren herria izango da Azkoitia. Donostian, Irunen eta Arrasaten ditu egoitzak erakundeak, eta Azkoitiko Udala lokal bat egokitzen ari da plazan, Torre Zuri erakustokiaren ondoan.
Eskainiko duten zerbitzuen artean dago, besteak beste, modu autonomoan jokatzeko gaitasuna galdu duten pertsonei babes pertsonala eta ondarearen babesa bermatzea. Hurkoak aholkua emango die informazioa eta orientazioa nahi dituzten familiei, eta beren tutoretzapean dauden pertsonentzat ahalik eta babes eta ongizate mailarik handiena lortzeko lan egingo dute.