Zumaiako Axular ibiltokian espaloia zabaldu, errepidea estutu eta autoentzako aparkalekuak egin dituzte (Juan Luis Romatet).
Axular ibiltokia herritartzeko edo, bere momentuan esan zuten bezala, bulebarizatzeko lanak egin dituzte udan. Bi hilabetetan egin dituzten lanen barruan, Udaltzaingoaren egoitza eta Maria eta Jose ikastetxera arteko espaloia zabaldu dute, errepidea estutuz. Autoentzako aparkaleku gune berri bat ere sortu dute Axular ibilbidean, Narrondo ibaiaren alboan.
Fielatoa (Udaltzaingoa dagoen eraikina) eta ikastetxera arteko espaloiaren zabalera bikoiztu egin dute lan horiekin. Lehen metro bete ingurukoa bazen, orain bi metroko espaloia eraiki dute toki horretan. "Gaur egun legeak exijitzen duen irisgarritasun neurria betez", udalak nabarmendu duenez.
Espaloia zabaldu eta errepidea estututa, ibilgailuek abiadura jaistea ekarriko du. Bi noranzkoko errepidea izaten jarraitzen du, "Trafikoko arautegiak ezartzen duen zabalera ereĀ bermatuz", baina, ibaiaren alboan 300 metroko aparkatzeko gune berri bat egokitu dute; 55-60 ibilgailu aparkatzeko tokia eginez.
Jadarreko horma
Lan horiekin batera, Jadarre auzoan, errepidearen alboan, dagoen horman ere konponketa lanak egin dituzte azken hilabeteetan. 2011. urtean egin zen horma hori, baina, erortzeko zorian zegoela ikusita, 2015. urtean haren zati handi bat eraitsi egin zuten. Aurtengo udal aurrekontuetan diru kopuru bat bideratu zuten horretarako. Altuna y Uria enpresari eman zizkioten horma berriro egiteko lanak, eta aurrekontua 262.160 eurokoa izan da.
Lanak, printzipioz, Zumaiako Udalak ordaindu ditu; dena den, garai hartan hormaren lanak egin zituztenei eskatuko die kopuru hori bueltatzeko. Udal ordezkariek adierazi dutenez, 2011ko lan haiek egin zituzten bi etxeak, ingenieritzakoa eta enpresa eraikitzailea, epaitegietara eraman ditu. Horma berria egitea kostatu den dirua ordaintzea eskatu die udalak.