II. Kros Solidarioa egingo dute irailaren 23an Azkoitian, Aspanogiren alde

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ira. 7a, 16:51

Aurreko edizioan 9.500 euro bildu zituen Ttipi-Ttapa elkarteak, eta zifra horiek "berdindu edo gainditu" nahi dituzte. Izen-ematea zabalik dago dagoeneko.

Ttipi-Ttapa elkarteko, Aspanogiko eta Azkoitiko Udaleko ordezkariak, kros solidarioaren aurkezpenean. (Ihintza Elustondo) Ttipi-Ttapa elkarteak antolatuta, II. Kros Soldarioa egingo dute irailaren 23an Azkoitian. Aurtengo edizioan, Aspanogirentzat izango da bildutako dirua, minbizia duten umeen gurasoen Gipuzkoako elkartearentzat. "Kirola eginez, egun ederra pasatu eta laguntza behar dutenei laguntza pixka bat ematea dira helburuak", Maialen Elorza Ttipi-Ttapa elkarteko kidearen arabera. Duela bi urte egin zuten lehen lasterketa, eta orduko hartan, bularreko minbizia dutenei laguntzea izan zuten helburu. Guztira, 1.154 lagunek eman zuten izena lasterketan, eta 9.500 euro bildu zituzten Katxalin elkartearentzat. Edizio hartako zifrak "berdintzea edo gainditzea" nahi dute antolatzaileek aurtengoan. Aurreko edizioan bezala, hainbat lasterketa izango dira aurtengoan ere. Lehenik, haurren lasterketak izango dira, adinaren arabera, hiru taldetan banatuta. 7 urtera arteko umeek 400 metro egingo dituzte, 7-10 urte bitartean dituztenek 800 metro eta 10-12 urtekoek 1.200 metro. Haien ostean, helduen lasterketa izango da; 13 urtetik gorakoek parte hartuko dute bertan, eta lau kilometro egin beharko dituzte. Antolatzaileen arabera, ez da ezinbestekoa ibilbidea lasterka amaitzea; jende gehiago anima dadin, oinez egiteko aukera ere badagoela jakinarazi dute. Dagoeneko izena eman daiteke lasterketan. Datozen bi larunbatetan –irailak 9 eta 16– eliza atarian egongo da horretarako aukera, 11:00etatik 13:30era. Eguraldi txarra eginez gero, Torre Zuri aurrean jarriko dute mahaia. Horrez gain, irailaren 12an, 14an, 19an eta 21ean, Torre Zuri aurrean izango da izena emateko aukera, 17:00etatik 19:00etara. Era berean, udaletxean buzoi bat jarriko dute izena emateko, eta Internet bidez ere egin daiteke, azkoitia.eus atarian. Haurrek hiru euro ordaindu beharko dute lasterketan parte hartzeko, eta horren trukean, Ttipi-Ttapa pirataren txapa bat ere eskuratuko dute. Helduek, berriz, 10 euro ordaindu beharko dute izen-ematea aurrez eginez gero, eta, egunean bertan, 15 euro. Helduek dortsala eta kamiseta eskuratuko dituzte. Lasterketaren egunean bertan, Ttipi-Ttapa pirataren txapak erosi ahal izango dira euro baten trukean, eta itxulapikoak jarriko dituzte, diruz lagundu nahi duenarentzat. Boluntarioen beharra Lasterketa egunerako boluntarioak behar dituztela jakinarazi dute antolatzaileek. Ibilbidean zehar nahiz antolakuntzako edozein konturekin laguntzeko prest dagoena izena emateko mahaira hurbil daiteke aurrez aipatutako ordutegian, edo bestela, Azkoitiko II. Kros Soldarioa Facebook atarira idatz dezake. Bestalde, ikasturte berrian Ttipi-Ttapan hasi nahi dutenentzat bilera irekia egingo dute irailaren 13an, taldean atletismoa eta mantentze gimnasia landu nahi dutenei zuzenduta.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide