Inda-Mendi Leonera eta Galiziara joango da urriko zubian

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko ira. 6a, 10:07

Mendizaleak Ancares eta Leitariegos mendilerroetara joango dira lau eguneko irteeran, eta Mustallar, Cuiña eta Pico Miravalles mendiak igotzeko asmoa dute.

Izena hilaren 25era bitartean eman behar da. (Inda Mendi) Urriaren 12a jai eguna da eta osteguna, zubi horretarako asteburu luzeko irteera bat antolatu du Inda-Mendi Bazkunak. Leon (Espainia) eta Galizia aldera joango dira Zumaiako mendizaleak, Ancares eta Leitariegos mendilerroetara, hain zuzen ere. Urriaren 12an aterako dira Zumaiatik. Autobusez Leon hiriburura joango dira eta hirian bertan ordu batzuk pasatuko dituzte, gero Ponferradara joango dira, ostatu hartzera. Ostiralean egingo dute lehen irteera eta Mustallar (1.934 metro) eta Cuiña (1.992 metro) mendiak igotzeko asmoa dute. Larunbatean, berriz, Pico Miravalles (1.966 metro) mendia igoko dute. Igandean itzulerako bidaia egingo dute, baina bidean Fromista herrian geratuko dira. Hura da San Telmoren jaioterria eta bertan egingo dute bazkaria. Irteeran parte hartzeko izena gaurtik hilaren 25era bitartean eman behar da. Bazkideek 195 euro ordainduko dituzte eta bazkide ez direnek 210 euro. Diru sarrerak Laboral Kutxako ES27 3035 0037 44 0370007083 kontuan egingo dira. Agiriak goiko estankoan utziko dira edo indamendi1@gmail.com helbidera bidaliko dira. Prezioan pentsio erdia, bidaia eta azken eguneko bazkaria sartuko dira. Larunbatean, haurrekin Larunbat honetan umeentzako irteera antolatu du Inda-Mendik. Bizkaiako kostara joango dira oraingoan. Bakioko begiratokitik atera, Jata (598 metro) mendia igo eta bazkal ordurako Bakiora jaitsiko dira. Goizeko o8:30ean abiatuko dira. Izena goiko estankoan (943-86 03 57) eman behar da. Autobusa bete arteko tokia egongo da. Helduek 6 euro ordainduko dituzte eta umeek 4 euro.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide