Ane Azkue, Ana Bakedano eta Lide Aizpurua, Astindu dantza taldeko kideak. (Juan Luis Romatet)
Zumaiako Astindu dantza taldeak eta Korrontzi musika taldeak elkarlanean antolatuta, euskal dantzen emanaldia izango da Gabon garaian, Zumaian. Abenduaren 29an izango da, Maria eta Jose ikastetxeko areto handian. Ikuskizun hori behar bezala prestatzeko, entseguak hasiko dituzte bihar, eta emanaldiaren atarira bitartean egingo dituzte. Izena emateko epea ere bihar bertan amaituko da.
Astindukoek bazuten aurrez ere Korrontzi taldearekin lan egiteko asmoa edo gogoa, eta uda honen atarian egin zuten ikuskizunerako saiatu ziren aurrena. "Azkenean beste aukera bat atera zen, musikala, eta hura egin genuen Ondartxon", azaldu dute Ane Azkue, Lide Aizpurua eta Ana Bakedano Astinduko kideek.
Lehen saiakera ezerezean gelditu bazen ere, ikusita kolaboratzeko interesa zegoela, Korrontzikoak jarri ziren harremanetan Astindukoekin ikuskizun bat prestatzeko proposamena eginez. "Korrontzikoek beste hainbat dantza talderekin kolaboratu dute, eta oraingoan gurekin lan egin nahi izan dute. Jarri duten baldintza bakarra areto barruan izan behar zuela da", azpimarratu dute Astindukoek.
Abenduaren 29an egingo duten ikuskizuna oraindik prestatu gabe dute; bihartik aurrera Maria eta Josen bertan egingo dituzten entseguen ondorioa izango da emaitza. "Dakiguna da euskal dantzak izango direla ikuskizunaren oinarria, baina ez dira ohiko arin-arinak eta fandangoak izango. Euskal dantza horiei buelta bat emango diegu". "Hasieran eta amaieran izan ezik, beste koreografia denak talde txikitan egingo ditugula pentsatzen dugu", gaineratu dute.
Bi entsegu mota izango dituzte. Ostegunetan, hilean behin, hiru orduko saioak egingo dituzte (18:00etatik 21:00etara) eta entsegu horiek Korrontziko kide batek gidatuko ditu. "Saio horietan erakutsiko dizkigute emanaldirako prestatu dituzten koreografiak, eta gero, gure kabuz, mugimendu horiek landuko ditugu beste entseguetan". Bigarren saio horiek ostiralero egingo dituzte eta bi orduko iraupena izango dute (19:00etatik 21:00etara).
Izen-ematea ixtear da
Entseguak bihar hasiko dituzte eta bihar bertan itxiko da ikuskizunean parte hartzeko izen-emate epea. Bi baldintza izango dira parte hartzeko: 16 urtetik gorakoa izatea eta euskal dantzetan, gutxienez, oinarrizko maila izatea. Astinduko bazkideentzat matrikula doan izango da eta gainontzekoek 20 euro ordainduko dituzte. Izena Alondegia kultur etxean eman daiteke, bulegoko orduan (10:00-13:00), edo posta elektroniko bidez
kulturetxea@zumaia.eus edo
astindu.zde@gmail.com helbideetako batera idatzita.