Julene Iturbek Urruzunotarrak Gehituz lehiaketa irabazi du, poesia atalean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko ira. 4a, 15:27

B mailan lehen saria eskuratu du azkoitiarrak; DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek osatzen dute kategoria hori. 'Otsaila' bertso sortarekin irabazi du saria.

Julene Iturbe (erdian), sari banaketa ekitaldian. (Eusko Jaurlaritza) Eusko Jaurlaritzak gazteen literatur zaletasuna bultzatzeko antolatzen duen Urruzunotarrak Gehituz literatur lehiaketan lehen saria irabazi du Julene Iturbe azkoitiarrak, poesia B mailan. DBHko 3. eta 4. mailetan ari direnek osatzen dute kategoria hori, eta, epaimahaiaren arabera –Leire Bilbaok, Goiatz Labandibarrek, Gari Berasaluzek, Peru Iparragirrek eta Jasone Osorok osatu dute–, Iturberen Otsaila bertso sorta izan da aurkeztutakoen artean onena. Gaur goizean egin dute sari banaketa Eusko Jaurlaritzaren Lakuako egoitzan, eta 32. edizioan irabazle izan diren hogei neska-mutilek jaso dituzte sariak. Bost egunez Elgoibarko Aubixa baserrian egonaldia egingo dute idazle gazteek. Gaurtik irailaren 8ra, euren sormena lantzeko literatura-tailerrak izango dituzte aterpetxe horretan. Horrez gain, lan sarituekin liburua argitaratu du Eusko Jaurlaritzak, eta eskola guztietara banatuko da aurki.      

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide