Gaztanenea Formakuntza Zentroan daude Hizkuntza Eskola Ofizialren gela desplazatuak. (Ane Olaizola)
Hizkuntza Eskola Ofizialak zabalik du 2017-18 ikasturterako matrikula epea eta beraz, Azkoitian, Gaztanenea Formakuntza Zentroan ematen diren ikastaroetan interesa duen orok irailaren 18ra arteko epea du eskaera egiteko. Matrikula Internet bidez egin beharko da irailaren 18ko 13:00ak baino lehen,
lotura honetan. Matrikula ofiziala klikatu behar da aurrena, eta
matrikula eskaera jarraian.
Matrikularen inguruko informazioa emateko edo matrikula nola egin argitzeko, Gaztanenea Formakuntza Zentroan arreta zerbitzua zabalik egongo da bihartik –asteartea– aurrera; astelehenetik ostiralera, 10:00etatik 13:00era zabalduko dute zentroa. Bertara joan ezin dutenek, arreta zerbitzuarekin harremanetan jartzeko ondorengo telefonora deitu dezakete: 943-54 16 50.
Azkoitiko geletan ingelesa eta alemana irakatsiko dituzte. Guztira, 112 plaza daude ingelesa ikasi nahi dutenentzat, B1.1, B1.2 eta B2 mailetan. Aurreko ikasturtean maila bakoitzeko talde bana osatu zen; aurten, ordea, talde bat gehiago sortuko da, B2 mailan plaza kopurua handitzea lortu dutelako. Beste berrikuntza bat ere izango da: alemaneko eskolak ematen hasiko dira, A1 mailan.
Gutxieneko adin kopuruak
Hizkuntza Eskola Ofizialean sartzeko ezinbesteko baldintza da 16 urte izatea. Alemanaren kasuan, ordea, gutxieneko adina 14 urtera jaisten da, atzerriko bigarren hizkuntza gisa hartzen delako alemana DBHn.
Matrikula egiterakoan, datu pertsonalak bete ondoren, ikasi nahi den hizkuntza aukeratu behar da. Behin hizkuntza hautatutakoan, hizkuntza hori ikasteko aukera dagoen eskola guztien zerrenda zabaltzen da. Azkoitian ingelesa edo alemana ikasi nahi dutenek, eskola zehazterakoan, Eibarko Hizkuntza Eskola aukeratu beharko dute nahitaez, eta, jarraian, ordutegiak aukeratzerakoan, Azkoitikoa aukeratu beharko dute.
Onartuen eta ez-onartuen behin-behineko zerrendak irailaren 20an argitaratuko dira, eta behin-betiko zerrendak, berriz, irailaren 25ean.
Informazio guztia eskura dago Eibarko Hizkuntza Eskolaren
webgunean. Honako bi telefono zenbaki hauetara deitzeko aukera ere badago: 943-20 06 18 eta 943-20 06 48.