Iazko 3x3 Futbol Festako irudi bat. (Eider Bereziartua)
Aurten ere Azkoitian jokatuko dute Azpeitia Cup taldeak antolatutako 3x3 Fultbol Festa. Irailaren 8an, 9an eta 10ean izango da, eta Urola Kostako udalerri guztietako gaztetxoek parte hartuko dute lehian. 5 eta 10 urte bitarteko kirolariek parte hartuko dute txapelketan, 2006-2012 urteen artean jaiotakoek, bi urte horietan jaiotakoek barne.
Aurten, bigarren aldiz egingo dute txapelketa Azkoitian. Aurreko urteetan Azpeitian jokatu izan da, eta iaz egin zuten lehen aldiz Azkoitian. Izan zuen arrakasta ikusita, aurten ere leku berean egitea erabaki dute antolatzaileek, eta urte gehiagotan ere leku berean antolatzeko asmoa agertu dute.
Guztira, 135 taldek eman dute izena lehian, eta antolatzaileak «oso pozik» agertu dira, marka guztiak hautsi dituztelako. Iaz, 110 taldek parte hartu zuten txapelketan, eta aurten, 25 talde gehiago animatu dira.
Txapelketak berezitasun bat du: partidetan ez dago irabazlerik, galtzailerik nahiz saririk. Izan ere, gazteen artean kirola sustatzea da asmoa, talde lana eta kohesioa bezalako balioak indartuz. Horregatik, futbolaz gain, bestelako ekintzak ere antolatuko dituzte: animazioa, tailerrak...
Partida guztiak Azkoitiko plazan jarriko dituzten bi futbol zelai artifizial txikitan jokatuko dituzte.