Andramari jaien balorazio "guztiz positiboa" egin du udalak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abu. 19a, 12:59

"Normaltasun osoz eta giro onean" igaro dira jaiak udalak esan duenez. Jaietako salbuespen bakarra gaur goizaldean Ibai-Ondo kalean jazo den istilua izan dela jakinarazi du. Elkarteen eta boluntarioen lana goraipatu eta eskertu ditu udalak.

Andramari jaiak bukatu berritan, Azkoitiko Udalak balorazio oharra kaleratu du. Erakundeak eskerrak eman dizkie herritarrei eta bisitariei jaiak "normaltasun osoz, giro onean, partaidetza handiarekin eta inolako istilu edo jazoera tamalgarririk gabe" igaro direlako. Horrenbestez, festen balorazio "guztiz positiboa" egin du udalak. Hala ere, salbuespen bat aipatu du udalak. Hain zuzen ere, gaur goizaldean bikote batek Ibai-Ondo kalean liskarra izan du, eta ertzainek eta udaltzaingoek gertakaria bertatik bertara ikusi dute, kale horretako biribilgunean zeudelako. Polizia iturriak aipatuz, udalak esan du emakumeak muturrekoa eman diola gizon bati eta gizonak ostikoz erantzun diola. Biek epailearen aurrean deklaratu beharko dute astelehenean. Udalak esan duenez, gizonari lau puntu eman dizkiote zaurian, eta hasieran atxilotu egin badute ere, aske utzi dute berehala. Salbuespen hori kenduta, Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak esan du Azkoitiak "eredu ona" eman duela. "Jaiak hasi aurretik denei errespetua eta bizikidetza eskatu genizkien, eta horrela izan da. Jendea behar bezala dibertitu da". Angel Martin Festetako zinegotziak, berriz, Andramari jaietan parte hartu duten boluntarioen eta elkarteen lana goraipatu eta eskertu ditu, haren aburuz, horien ekarpenik gabe "oso zaila" litzatekeelako jaiak antolatzea. Udalak ekitaldi jendetsuenak zeintzuk izan diren ere zehaztu du oharrean, eta erakundearen arabera, &Dixie Band edota Rockbox taldeek kalez kale eskainitako musika ikuskizunak, Azkoitiko Passepartout taldeak eta Hesianek hilaren 16an plazan eskainitako kontzertuak eta laburmetraien lehiaketa izan dira jende gehien erakarri duten ekintzak. Jaietako argazki bilduma guztiak honako lotura honetan ikus daitezke.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide