Beasain nagusi XXI. Andra Mari Sarian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko abu. 14a, 17:35

Anaitasunak 0 eta 2 galdu zuen atzo Beasainen kontra jokatutako partida. Ostegunean jokatuko du denboraldi-aurreko bosgarren neurketa, Zarautzen kontra, 18:30ean, Txerloian.

Javier Zubizarreta Beasaingo kanpitainari oroigarria ematen. (Anaitasuna) Atzo jokatu zuten Anaitasunak eta Beasainek Andra Mari Sariaren XXI. edizioa, Azkoitiko Txerloia futbol zelaian. Azkoitiko taldeak ezin izan zuen golik sartu, eta Beasainek 0 eta 2 hartu zituen mendean gorrixek. Anaitasunak ez zuen atzokoa denboraldi-aurreko lehen neurketa, baina orain arte jokatutako partidetan kaskarrena izan zen. Beasainek partida hasi eta bost minuruta sartu zuen aurreneko gola. Hala bukatu zen norgehiagokaren lehen zatia, Anaitasunak gol aukerarik izan gabe. Bigarren zatia hobeto hasi zuten Azkoitiko jokalariek, baina ez zuten aukerarik sortu ahal izan Beasainen atearen aurrean. Hain zuzen ere, 60. minutuan egin zuen Beasainek bigarren gola, eta partida erabat aldatu zen. Partida hala bukatu zen, 0 eta 2, eta Javier Zubizarreta Azkoitiko alkateak Beasaingo kapitainari Andra Mari Sariari dagokion garaikurra eman zion. Anaitasunarentzat ez da denboraldi-aurrea oraindik bukatu. Ostegunean jokatuko du denboraldia hasi aurreko prestaketen barruan jokatzen ari den partidetan bosgarrena, Zarautzen aurka, 18:30ean, Txerloian. Neurketarako sarrera doakoa izango da. Espainiako Hirugarren Mailan ariko da Anaitasuna datorren denboraldian, eta lehen neurketa abuztuko azken asteburuan jokatuko dute gorrixek Deustoren aurka, etxean.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide