Eskualde mailako I. Euskal Kosta Krosa jokatuko da irailaren amaieran

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abu. 4a, 09:29

Zumaian antolatuko da lehen edizioa, eta Zarautzen eta Getarian datozenak. UKUEk eta Aiako eta Orioko udalek bat egin dute turismoa ere landuko duen egitasmoarekin

Eskualdeko eta Foru Aldundiko ordezkariak atzo aurkezpenean, Zumaian. (Juan Luis Romatet) Lasterketa berri batek hartuko du Zakila Bira zaharraren lekukoa datorren irailaren 30ean. Euskal Kosta Krosa du izena eta maratoi erdia izango da. Zumaia, Getaria eta Zarautz artean, kostako errepidean zehar, korrituko den proba berri honek badu berezitasun bat: ibiltaria izango da. Aurten Zumaian izango ditu irteera eta helmuga. Datorren urtean, baina, Zarautzen antolatuko dute, eta hemendik bi urtera Getarian. Aurtengo lasterketarako izen-ematea gaur bertan zabaldu dute www.kirolprobak.com webgunean. Kirol proba berri hori Zumaiako Zelai Talasoterapia Hotelean aurkeztu zuten atzo. Bertan Urola Kostako Udal Elkartea osatzen duten bost udalerrietako ordezkariak izan ziren: Oier Korta Zumaiako alkatea, Nika Lertxundi Getariako alkatea, Nekane Arrizabalaga Aiako alkatea eta Joxe Angel Zaldua Orioko alkatea, Jesus Arana Zarauzko alkateordea eta Igor Iturain Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakaria. Horiekin batera Maite Cruzado Gipuzkoako Foru Aldundiko turismo zuzendaria ere bertan izan zen. Bailarako ikuspegia duen krosa dela azpimarratu dute antolatzaileek, kirolaz gain beste esparru batzuk ere hartuko dituena, hala nola, turismoa. Kostako errepideak "sortzen duen miresmenak" hausnarketa bat egitera eraman dituztela adierazi du Zumaiako alkateak. Horren ondorioa da antolatu duten kirol proba. "Bide horretan kirol proba bat egiteko ideia sortu zen eta Zakila Bira lasterketa kros berri honetan bilakatzea erabaki". Gero, ideia Getariako eta Zarauzko udalekin partekatu zuten, "bata bestea animatzen joan gara eta maratoi erdiko proba hau sortu dugu". "Ez da lasterketa arrunta" Euskal Kosta Krosa 21,097 kilometroko distantzia izango du , lehen edizioan Zumaian izango ditu irteera eta helmuga. Ibilbidea Getariatik eta Zarauztik pasatuko da. Aurten 800 korrikalarira mugatu dute parte hartzea. "Edozein moduko kirolarientzako proba da hau. Ez da izango eliteko kirolarientzakoa, denek parte hartzea eta disfrutatzea da helburua", azpimarratu du Zarauzko udal ordezkariak. "Gure asmoa da errepideak duen xarma hori bera izatea krosak ere, eta korrikalariek eta haien familiek jasoko duten esperientzia gogoangarria izatea. Ezin du maratoi erdiko lasterketa arrunta izan, errepidea bera arrunta ez delako", esan du probaz Aranak. Probaren kalitatean ere arreta jarriko dutela nabarmendu dute antolatzaileek. "Lasterketa antolatzen dugun hiru udalerriok badugu proba arrakastatsuak antolatzeko esperientzia", adierazi du Aranak, eta krosean egongo diren zerbitzuak kalitatekoak izango direla azpimarratu du. Getariako alkateak ere lasterketa antolatzeko parte izatea garrantzitsutzat jo du. "Gure kostak gauza asko eskaintzen ditu, baina baita burukominak ere neguan. Udan eta udazkenean kirola egiteko aukera handiak ditu, eta erronka bideratu behar da. Ea 800 korrikalariren parte hartzea motz geratzen den". Eskualdeko konpromisoa Turismoarekin lotura handia izango duen proba izango da, eta ikuspegi hori kontuan hartuta parte hartuko dute Aiako eta Orioko udalek eta Urola Kostako Udal Elkarteak. "Kirol turismoa bultzatu nahi dugu, eta era honetako probek hori bideratzen dute", azaldu du Aranak. "Hiru udalerrik antolatuko dugu, baina konpromisoa eskualde osoarena da". Urola Kostako Udal Elkarteko lehendakari Igor Iturainek eskerrak eman dizkie Zumaia, Getaria eta Zarautzi proba antolatzeagatik, "batik bat, baina, Aiari eta Oriori tokiko ikuspegitik ateratzeagatik. Bailara mailako kirol ekintza dela ikusi dute, baita ekonomia aldetik garrantzia duela ere. Jarduera ekonomikoa bultzatzea da gure helburua. Ez da kirol proba bat bakarrik izango, etortzen den jendeak hemen dugun eskaintzaz gozatzea nahi dugulako. Era horretan jarduera ekonomikoa ere izan dadila nahi dugu. Aurtengoa izango da lehena, baina ez da azkena izango". Zentzu horretan, hasiera batean hiru urtez antolatzeko konpromisoa erakutsi dute udalek. "Hiru urteko bide honek jarraipena izango duela espero dugu", gaineratu du Kortak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide