Floresko ontziralekua eraisteko lanak eman ditu Ingurumen ministerioak

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko abu. 3a, 09:30

Aisialdirako gune bat sortuko dute ontziraleku zaharra dagoen lekuan. Moyuari esleitu dizkiote lanak 139.379 euroko aurrekontuarekin. Zenbait arte ere landatuko dute bertan

Floresko ontziralekua, Urola ibaian. (Juan Luis Romatet) Urola ibaian gora eginda, eta trenaren zubira heldu aurretik, Artadiko mendiaren azpian ontziraleku zahar bat dago, Floreskoa, hasieran Gutierrez familiarena izandakoa. Guascor enpresaren sortzaileak izan ziren Gutierrez familiakoak, eta beren ontzia bertan gordetzen zuten neguan. Azken bi hamarkadatan, ordea, utzita egon da ontziralekua. Badago, ordea, ingurune horretarako proiektua: ibaiari lotutako aisialdi gune bat bihurtzea, hain zuzen ere. Lehen pausoa gaur egungo eraikina eta inguruko azpiegiturak eraistea da. Lan horiek esleitu berri ditu Madrilgo Nekazaritza eta Arrantza, Elikadura eta Ingurumen Ministerioak: Moyua enpresari eman dizkiote. Lanen aurrekontua 139.379 eurokoa da. Lanak irailean hasiko direla aurreikusten dute, eta iraupena hiru hilabetekoa izatea espero dute. Aurretik, amiantoa duen eraikina eraisteko plana idatzi beharko da. Eraiste lanez gain, ingurune horretan, zenbait arte landatzea ere jasotzen du proiektuak.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide