Drogomenpekotasunaren Prebentzio Mahaia. (Azkoitiko Udala)
Azkoitiko Udalak Drogomenpekotasunaren Prebentzio Komunitarioko Mahaia osatu du herri osasuntsu baten alde lan egiteko asmoz. Mahai horren funtzioa da osasun hezkuntza indartzea, eta mendekotasuna sortzen duten substantzien kontsumoari mesede egiten dioten jokabideen aurrean, ohitura osasungarriak bultzatzea.
Lehenengo fasean, zer landu, indartu edo eraldatu nahi den definituko dute. Bilerak hasi dituzte dagoeneko, eta horietan parte hartzen dute ordezkari politikoek, Kultura, Gazteria eta Gizarte Zerbitzuetako udal teknikariek eta Udaltzaingoak.
Uda ondoren, parte hartze proposamena hezkuntza zentroei eta gizarte, kultura eta kirol elkarteei luzatuko diete, "ahalik eta eragile gehien egon daitezen mahaian". Prozesua garatzen doan heinean, ekintzen kronograma bat zehazten joango da mahaia, drogen kontsumoak eragiten dituen arazoen inguruan kontzientzia soziala sustatzeko eta prebentzio lanaren eta erantzukizun partekatuaren garrantziaz jabetzeko. Helburua da kontsumoa saihestea edota kontsumoaren hasierako adina atzeratzea.
Alkoholaren eta drogen kontsumoaren aurrean talderik ahulenena nerabeena da. Udalaren arabera, "tamalez", gehiegizko kontsumoaren ondorioz anbulantzian osasun zerbitzuetara eraman behar izaten dituzten nerabeen kasuak "ez dira noizean behingoak". Azken kasua 17 urteko neska azkoitiar batena da, joan den larunbatekoa da, uztailaren 15ekoa.
Informazio eta sentsibilizazio guneak andramarietan
Prebentzio lanarekin jarraituz, udalak aurreikusita du alkohol tasaren proba prebentiboa egin ahalko den stand bat jartzea, eta bertan informazioa jasotzeko aukera ere izango da. Stand hori abuztuaren 16an, eliz atarian egongo da, 23:00etatik 02:00ak arte.
Bigarren stand informatibo bat ere izango da Andramari jaietan. Bigarren hori genero indarkeriaren aurkakoa izango da. Plazan jarriko dute abuztuaren 14an, 16an eta 18an.