45. urteurrena ospatzeko prest da Azpeitiko Sagardo Txapelketa

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko uzt. 20a, 11:52

'Azpeitia eta sagardoa' liburua egin dute, Udalak argitaratuta, eta zapatuan aurkeztuko dute. Santio egunean, berriz, aurten ez da txapelketa herrikoirik izango, eta irabazleek garaikur berriak jasoko dituzte.

Antolatzaileak, babesleak eta laguntzaileak atzo, Añotan, Sagardo Txapelketaren aurkezpenean. (Mailo Oiarzabal) Elosiagako Añota sagardotegian elkartu ziren atzo iluntzean Azpeitiko Sagardo Txapelketaren antolatzaileak eta babesleak, aurtengo edizioaren berri emateko. Aurten ere, Santio egunez egingo da txapelketa; eta, berez, txapelketa bera festa giroa sortzeko nahikoa aitzakia izaten bada, aurtengorako edizio are bereziagoa prestatu dute. Izan ere, 45. urteurrena ospatuko du aurten Azpeitiko Sagardo Txapelketak. Xebastian Lizasok gogoratu bezala, urte gehiago ditu txapelketak, "52 edo 53 bai, baina jarraian egindako 45.a izango da" datorren asteartekoa. "Biribil antzeko" urteurrena baliatuta, eta iaz aurreratu zuten bezala, Udalari laguntza eskatu eta liburua argitaratu dute txapelketaren antolatzaileek. Azpeitia eta sagardoa da Laxaro Azkunek idatzi eta Juan Joxe Agirreren argazkiekin osatu duten liburuaren izenburua. Liburua etzi, zapatua, aurkeztuko dute jendaurrean; udaletxean izango da ekitaldia, 12:00etan. Aurkezpenean ez ezik, uztailaren 25ean ere izango da liburua erosteko aukera, plazan. 2017ko txapelketaren beste berezitasunetako bat izango dira garaikurrak. Irabazleak jantziko duen txapelaz gain, sailkapeneko lehen hirurek jasoko dituzten garaikurrak berriak izango dira aurten. Orain arteko kopen ordez, Mikel San Juanek egurrean tailatutako garaikurrak banatuko dituzte aurten; esku bat botilatik sagardoa botatzen eta beste bat edalontziarekin sagardoa jasotzeko prest irudikatu ditu egileak eta, atzean, plazako kioskoa. Txapelketa berari dagokionez bada beste nobedade aipagarri bat. Izan ere, Lizasok azaldu zuen aurten ez dutela txapelketa herrikoia egingo, nagusia bakarrik izango da. "Garai batean, konturatzen ginen sagardogileek ez zutela sagardo berdina ekartzen txapelketarako eta herritarrek dastatzeko. Horregatik hasi ginen elkarteekin txapelketa herrikoia egiten. Gaur egun, badakigu sagardo berdinak ateratzen dituztela kioskoan eta plazan; orduan, ez diogu zentzurik ikusten bi txapelketekin jarraitzeari". Aurten ere 23 sagardogilek parte hartuko dute Azpeitiko txapelketan. Gainera, arkupeetako postu bakoitzean "gutxienez etxeko ordezkari bat" jardungo da sagardoa ateratzen; horrela eskatu diete antolatzaileek sagardogileei, "banan-banan". Santio egunean sagardoa dastatzera doazenek 3 euroren truke eskuratuko dute edalontzia eta, harekin, "nahi adina" sagardo dastatzeko aukera. Eneko Etxeberria alkateak eskerrak eman zizkien txapelketaren antolatzaileei, "herriaren alde urtero egiten duten esfortzuarengatik", eta herritar guztiei luzatu zien gonbita, "bai liburu aurkezpenera, bai txapelketara" azaltzeko. Gazta lehiaketa, Berdura plazan Sagardoa ez da izango, ordea, Santio eguneko eguerdi parteko festaren osagai bakarra. Horrela, Astotegian, eskualdeko ganadu erakusketa egingo dute; 44 abelburu izango dira bertan. Eguneko beste lehiaketa, Idiazabal gaztarena, plazan egin beharrean Berdura plaza berrituan egingo dute aurten, "inaugurazio modura edo, herritarrek plaza ikusteko aukera ere izan dezaten", azaldu zuen Mikel Ibarzabal Festa batzordeburuak. 28 gaztagilek parte hartuko dute lehiaketan. Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala, irailean Gipuzkoako Sagardogileen Elkartearen laguntza izaten dute Azpeitiko antlatzaileek txapelketa antolatzerakoan, eta elkarteko koordinatzaile Olatz Mitxelenak ere hartu zuen parte atzoko aurkezpenean. Hain zuzen ere, irailaren 30ean Azpeitian izango den beste hitzordu baten berri eman zuen Mitxelenak. Euskal Herriko Sagardo Txapelketa Herrikoiaren finala egingo da egun horretan herrian, eta bertarako txartelak salgai egongo dira Santio egunean plazan, ISB tabernan, Añotan edo sagardozaleen elkartean. Eta guztia osatzeko, urtero legez, Eusko Labeldun txekorraren eta hegaluzearen pintxoak ere salagi izango dituzte plazan uztailaren 25ean, bakoitza 2 eurotan. Lortutako dirua garapen bidean diren herrialdeetan proiektuak laguntzeko izango da aurten ere.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide