Luciano Juaristi 'Atanillo'k botako du aurtengo txupinazoa. (Azkoitiko Udala)
Luciano Juaristik,
Atano X edo
Atanillo bezala ezagutzen denak, botako du aurtengo Azkoitiko Andramari jaietako txupinazoa, bere eta Azkoitiko pilota munduaren izenean.
"Tantoz tanto, gure izaera zizelkatzen joan da pilota munduaren bueltan, gure identitatea hezurmamituz. Azkoitian pilotak esanahi berezia duelako, aurtengo festetan protagonismo berezia eman nahi zaio, pilotari eta pilotazaleak gogora ekarriz", azaldu du Azkoitiko Udalak.
Azkoitia pilotaren sehaska dela esan ohi da, eta, "aurrerantzean ere tradizioari eta historiari bizirik eutsiko zaiolakoan", pilota izango da nagusi aurtengo txupinazoan. Suziria piztu aurretik, Atanillo eta pilota mundua omenduko dituzte udaletxeko udalbatza aretoan. "Modu batera edo bestera pilota maite duen herritar oro" gonbidatu du udalak ekitaldira.