Udane Juaristi: "Nirekin batera, nire koadroak ere heltzen ari dira"

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko uzt. 19a, 09:32

'URBANue IV' erakusketa zabaldu du margolari azkoitiarrak Zumaiako Alondegiko Oxford aretoan. Paisaia urbanoak lantzen jarraitzen du, baina naturari ere leiho bat zabalduz

Udane Juaristi, Oxforden ikusgai daukan margolanetako baten aurrean. ( Juan Luis Romatet) Duela zortzi urte ere, uda garaian izan zen Udane Juaristi Zumaian, bere aurreko erakusketarekin. Hiri handietako etorbideak, Parisko teilatuak eta collage teknikarekin egindako lanak erakutsi zituen orduko bilduma hartan. Zortzi urtera, ostegunean Oxford aretoan zabaldutako URBANue IV erakusketan antzeko gaiak aurki daitezke: hiri handietako trafiko askoko errepide zabalak, Sena ibaia Paristik igarotzen den tokia, baina baita Sardiniako herrixka bateko kaleak ere. Dena den, teknikan eta forman bilakaera nabarmena soma daiteke. "Urbanoarekin, hiritarrarekin, jarraitzen dut, baina koadroak asko aldatu dira denbora tarte honetan", azaldu du Juaristik. "Kolore, teknika eta material aldetik aurrera egin dut". "Mugimendua, bizitza, zahartutako espresioak" dira giro urbano horretan hain erakargarri egiten zaizkion motiboak. "Kaleko giro hori gustatzen zait. Orain urte batzuk Zumaian erakutsi nituen koadroekin alderatuta aldaketa handia dago. Kaleekin jarraitzen dut, baina itsasoa ere sartzen hasi naiz: txalupak, ura... Alde horretatik ari naiz lanean. Nik koloreetan aurkitzen dut aldaketa handiena. Kolore biziagoak sartzen ari naiz. Nik uste, nirekin batera, koadroak ere heltzen ari direla". Koadroen gaiek izan duten bilakaeraz gain, teknikan ere bide berriak jorratu ditu artista azkoitiarrak. Esate baterako, zenbait lanetan erliebearekin jokatu du, hainbat elementu erabiliz. "Azkeneko urteetan aritu naiz, pixka bat paperaren testurei etekina ateratzen, egurra sartzen, metakrilatoa ere bai, plano bakarrean ez geratzeko", azaldu du. URBANue VI erakusketa uztailaren 25era arte egongo da zabalik Alondegia Kultur Etxeko Oxford aretoan, egunero, 18:30etik 20:30era. Asteburu eta jaiegunetan ere zabalik izango da, eguerdietan, 12:30etik 14:00etara.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide