Azkoitiko udal ludotekan garatzen den Praka Motxakin programaren lehen astea gauzatu dute, eta antolatzaileek jakinarazi dutenez, "bikaina" izan da.
Aurtengo programak berrikuntza ugari izan ditu: orain arte udaleku ireki moduan planteatuta zegoen arren, aurten lehen aldiz haurren parte hartzea, ekintza antolaketa eta material horniketan hobestu du, ikasturtean zehar bazkide izan diren haurrekin sortuz. Horrez gain, familiekin ere lanketa egin dute beraiek ere konpromisoa har dezaten, haurrei parte hartzearen garrantzia trasmititzeko asmoz. Ludotekak, berriz, programaren data moldaketa gauzatu du.
Helburu nagusia da, parte hartzen duten haurrak, 10-12 urte bitartean dituztenak, ekintzetan inplikatzea; baina ez soilik garapenean, baita programa eta ekintzen sormenean, talde lanean eta ekintza bakoitzaren antolaketan ere.
Ildo horretatik, altxorraren bila ekintzan beraiek proposatutako jolasak garatu dituzte; ur jolasak garatzeko, talde lanean zenbait jolas garatu behar izan dituzte; eta Master Chef saioan, talde txikitan jarrita, elikadura osasuntsua landuta, fruta postre irudimentsuak garatu dituzte. Datorren astean, berriz, olinpiadak, lehiaketak, kamara ezkutua, egun-pasa eta hamaiketakoa garatuko dituzte.
Ekintza guztiak goizez egiten dituzte, 10:00etatik 13:00etara bitartean, eta egun-pasa 10:00etatik 18:00etara izango da. Donostira joan, eta Igeldora igoko dira. Egun, hogei haurreko taldea dute.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide