Madariagan auzo etxea eta komun publikoak eraikiko dituzte. (Ana Abarisketa)
Azkoitiko Udalak atzo ezohiko osoko bilkura egin zuen, eta kreditu aldaketa onartu zuten bertan. Hain zuzen, udalak 1.135.000 euro bideratuko ditu hainbat hobekuntza egitera. Hori ahalbidetzeko, hainbat partidatako diru kopuruak handitu eta beste berri batzuk sortu dituzte. Finantzatzeko, 2016ko gerakinaren zati bat erabiliko dute.
Besteak beste, honako proiektu hauek garatuko dituzte diru horrekin: Madariagan auzo etxea eta komun publikoak eraikiko dituzte, Elkargunean rokodromo berria ipini, dozena bat kale asfaltatu eta Txerloiko eta San Juango futbol zelaietan hobekuntzak egin.
Onartutako udalaren kreditu aldaketa 1.171.869 eurokoa da, eta, Elkargunekoa, 57.000 eurokoa.
Udalaren arabera, aurreikusitako proiektu berrien artean, azpimarratzekoa da Madariagan eraikiko duten auzo etxea; auzotarrentzat topaleku bat, alegia. Halaber, komun publikoak ere jarriko dituzte. 72.000 euro bideratuko dituzte Madariagara aipatutako esku hartzeetarako. Udalaren finantzazioaz gain, Eusko Jaurlaritzatik 107.000 euroko diru laguntza jasoko dute.
Floreaga auzoko urbanizazio eta asfaltatze lanetarako beste 250.000 euro jarri dituzte. Elkargunean rokodromo berria eraikiko dute, eta estalitako igerilekuetan LED argiak jarriko dituzte. Orain arte EPA Helduen Eskolak erabiltzen zuen gunea ere egokitu egingo dute gazteria zerbitzuek dituzten toki arazoei konponbidea emateko, EPA tokiz aldatzeko asmoa duelako udalak.
Txerloia futbol zelaiko instalazioetarako 100.000 euro ipini dituzte. Txerloian, batetik, tribunako eserlekuak berritzea aurreikusten dute, orain dauden egurrezko oholak ordezkatuz. Bestetik, sarrerak saltzeko estalitako leihatila bat eraiki nahi dute; eta, azkenik, markagailu inguruan jarraitzaileentzat estalpe bat egingo dute. San Juango futbol zelaian, berriz, beste lan batzuen artean, sarea jarriko dute; horretarako, 40.000 euro erabiliko dira.
Beste hainbat lan egiteko, aurrekontu orokorretan diru kopuru bat ezarrita dago, baina diru kopuru hori handitu egin da. Esaterako, kaleak asfaltateko 210.000 euro erabiliko dira, pintaketa lanetarako 25.000 euro, ikastolan berogailu sistema berritzeko 40.000 euro, eta merkatu plazako bi lokal egokitzeko, 60.000 euro.
Diru kopuru txikiagoak mantenimendu lanetan, kultur ekintzetan, hiri altzairuetan eta hainbat elkarteri emango zaizkien laguntzetan gastatuko dituzte.