AGEk 'Berandu baino lehen' diskoa aurkeztuko du gaur, kontzertuan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko uzt. 13a, 09:16

Joseba eta Mikel Aizpurua anaiek osatutako taldeak disko berria kaleratu du. Hamabi kantarekin osatu dute azken lana. Kontzertua 20:00etan hasiko da, Zumaiako Itzurun tabernan

Joseba eta Mikel Aizpurua, disko berria eskutan dutela. (J.L. Romatet) Taldekideek agian ez dute hala ikusiko, baina Zumaiako rockaren aitzindarien artean dago Ahuntzaren Gauerdiko Eztula (AGE). Gaur egungo herriko musika taldeetako kide asko oraindik jaio gabe zeudenean, Joseba Aizpurua eta Mikel Aizpurua anaiek osatutako taldea dagoeneko martxan zegoen. "1986an eman genuen lehen kontzertua", azaldu du Josebak. 31 urte igaro dira ordutik, eta musika munduan jarraitzeko gogoa dute. Ez arrakasta baten bila; musika maite dutelako baizik. Hori bai, beraien martxan, su geldoan. Gaur kontzertuan aurkeztuko duten disko berria grabatzeko eta amaitzeko izan duten martxan. Diskoaren aurkezpen kontzertua Zumaiako Itzurun tabernan emango dute, 20:00etatik aurrera. Berandu baino lehen du izena AGEren disko berriak eta hamabi kantaz osatu dute. Diskoaren izenburuarekin zerbait azaldu nahi duten galdetuta, sortu duten abesti baten izenburua ere badela esan dute: "Kanta baten izena ere bada, baina gehienbat diskoa grabatzeko erabili dugun denborari buruz da, berandu baino lehen atera behar genuela, alegia". Taldeak Basadin duen entsegu lokalean grabatu dute diskoa, beren kasa, grabaziorako programa informatikoak erabilita. Uste baino gehiago luzatu zaie prozesua: udazkenean hasi eta pasa den udaberrian amaitu zuten. "Aurreko diskoarekin alderatuta, ñabardura gehiago sartu ditugu. Hura lehorragoa zen; hemen gitarra elektrikoak, banjoa, pianoa eta teklatuak ere sartu ditugu. Ahotsekin eta harmoniekin ere jokatu dugu". Moldaketa horiek emaitza nabarmen hobetu dute. Baina, gehienbat, AGEren azken urteotako soinu akustikoa mantendu dute disko berrian. Izan ere, aldaketak izan ditu AGEk 1980ko hamarkada erditik. Laukotea zen taldea sortu zutenean, denborarekin hirukote bihurtu zen eta azken urteotan bikotea da. Lette Band talde paraleloa ere atera zuten Joseba eta Mikel Aizpuruak, baxujoleak denbora baterako AGE utzi zuenean. Azkenean, bikote formatuarekin geratu eta hala jarraitzen dute. Bien artean jo dituzte diskoko instrumentu denak. Letrak, ohikoa den bezala, Joseba Aizpuruarenak dira. Egunerokotasunean oinarritutako letrak dira; bat edo beste, Zumaiako historiarekin edo herriko pertsonaietan oinarritutakoa. "Niretzat kantak musikak eta letrek osatzen dute. Azkenean, erronka bat da". Oraingoz, hiru kontzertu emango dituzte udan, hirurak Zumaian. Kontzertuetan bertan izango dira diskoak salgai, 5 euroan.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide