Xeyko langileen agerraldia gaur Oikiako lantegiaren aurrean (Juan Luis Romatet)
Xeyko langileek ez dute geldirik geratzeko asmorik, zuzendaritzak enpresa ixteko hartu duen erabakia jakin eta gero. Hala iragarri dute gaur goizean Oikiako (Zumaia) lantegiaren aurrean emandako prentsaurrekoan. Etzi bilera egingo dute Gasteizen, Lakuan, Lan Saileko arduradunekin, eta laster, oraindik zehaztu gabeko data batean, manifestazioa egingo dute Zumaiako kaleetan.
Xeyko langileak enpresaren kanpoaldean elkartu dira agerraldirako. Lantegiaren sarreran egurrezko hesia jarri dute eta zuzendaritzako kideen aurkako hainbat pankarta daude jarrita bertan. Zuzendaritzakoen aurpegien irudiekin kartelak ere eskuetan izan dituzte langile batzuek gaurko agerraldian.
Langileen bozeramaile Gotzon Igoak eta Periko Juanikorenak adierazi dutenez, enpresak ez du bere jarrera aldatu azken agerralditik. "Inbertsore bila ari omen ziren, proiektuan sakonduko zuen diru bila, eta ez omen dute lortu. Orain, komeriak...". Beraien esanetan, jada hasiak ziren antzematen pasa den astean jasotako albiste txarra, enpresaren itxierarena, hain zuzen ere.
Enpresako zuzendaritza eta Eusko Jaurlaritza jarri dituzte langileek jomugan. Zuzendaritza bideragarritasun plan egonkor bat aurkezteko gai ez dela izan salatu dute langileek. "Ez dute nahi izan. Ez dugu Xeyren etorkizuna bermatu nahi izan dutenaren zantzurik ikusi". Denbora honetan lanera kobratu gabe ere joan direla azpimarratu dute beharginek, "gure etorkizunaren mesedetan ari ginelakoan, baina, trukean, desinformazioa eta bereari soilik begira ari zen zuzendaritza itxi batekin aurkitu gara".
Akusazio gogorrak egin dizkiete langileek zuzendaritzari eta Gasteizko gobernuari. "Zuzendaritzak eta bere taldetxoa osatzen duten akziodunek langileak txotxongiloak bezala" tratatu dituztela salatu dute. "Zuzendaritzako kide Vitoriano Susperregik eta Juan Fanok eta Eusko Jaurlaritzak "inbertitu asmoz etorri izan den jende bati ezezkoa" eman diotela ere kritikatu dute. "Orain, berriz, arrazoi horrek garamatza lantegiaren likidaziora. Azken bost urteetan Xeyn eraman duten gestio eta politika eskasek, alegia".
Eusko Jaurlaritzari ere zuzendu dizkiete kritikak langileek. Gobernuaren papera "eta bere aktibo nagusia garen langileekiko eta diru publikoarekiko jorratu duten papera" ezin dutela ulertu azaldu dute. "Ez dugu ulertzen jarraipen gutxienekorik gabeko inbertsiorik, are eta gutxiago konpromisorik edota berme sozialik gabeko apustu industrialik".
Egoera okertu zenetik, ate asko jo dituztela gogoratu dute Xeyko beharginek. Aldarrikapenekin eta etorkizunari begira lan egiteko prest jarraituko dutela esan dute. Langileen ustez, Xeyk badu etorkizuna, "bideragarria dela uste dugu, eta horren defentsan aritu gara eta arituko gara beti". Enpresarentzako proiektu baten bila murgilduko direla esan dute, eta horretarako instituzioen inplikazioa exijitu dute. Are gehiago, enpresaren itxiera dela-eta, "erantzukizunak eta errudunak" daudela diote. Horren aurrean, beren arabera, Eusko Jaurlaritzari dagokio "arduragabe lan egin eta ihes egin dutenei" erantzukizunak eskatzea eta salatzea.
"54 urterekin kale gorrian"
Langile batek mikrofonoa hartu eta bere bizipenak kontatu ditu gaurko agerraldian. "Ez dut isiltzeko eta bide ertzean hiltzeko asmorik. Egoera honetara ekarri gaituzten pertsonak salatu behar ditugu. Enpresa honek bazuen eskabide-zorroa eta egoera honetara, itxierara, eraman gaituzte". Eusko Jaurlaritzari eta, bereziki Arantxa Tapia sailburuari kritika gordinak luzatu dizkio. "Errudunak ez zaretela diozue. Baina diru publikoa ez kontrolatzeagatik zarete errudunak. Tapia zuk zure lanean jarraituko duzu, baina nik 54 urterekin kale gorrian amaituko dut".
Egoera larria bizi dute Xeyko langileek: azken lau hilabeteotan ez dute soldatarik kobratu eta horiei uztaileko soldata gehitu behar zaie. "Azken hiru urteetako sei soldata ere negoziatuta genituen. Orain, lantegia itxita, horiek ere ez ditugu kobratuko. Denera, 11 soldata kobratu gabe geldituko gara", jakinarazi dute.