Azkoitiko Julio Urkijo kaleko ur hoditeria berritzen hasiko dira astelehenean

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko eka. 30a, 17:20

Atzo hodi bat lehertu zen, eta ordu batzuetan urik gabe geratu ziren inguruko bizilagunak. Horregatik datorren urtean egitekoak ziren obrak aurreratzea erabaki dute.

(Argazkia: Azkoitiko Udala) Azkoitiko Udalak eta Gipuzkoako Urakek gaur goizean erabaki dute berehala ekitea Julio Urkijo, Bizkargi, Trino Uria eta Iraurgi kaleak hornitzen dituen ur hoditeriaren berritze lanei. Gipuzkoako Uraken inbertsio planean datorren urterako aurreikusitako lana zen hori, baina atzoko leherketak esku hartzea aurreratu du. Atzo hodi bat lehertu zen, eta ordu batzuetan urik gabe geratu ziren inguruko bizilagunak. Hodia lau tokitan puskatu zen arratsalde eta gau partean. Lehenengo leherketa 17:00 inguruan gertatu zen, eta 21:30erako etxe askotan konponduta zegoen arazoa. Beste batzuetan, ordea, 23:30 arte itxaron behar izan zuten. Lanak gau erdian bukatu zituzten, udalaren arabera, "lehenbailehen normaltasunera bueltatzeko sekulako ahalegina egin ostean". Hoditeriaren erresistentzia bermatu ezin denez, Gipuzkoako Urak astelehenean bertan hasiko da hodia aldatzeko lanak egiten, eta pare bat asteko iraupena izango dute lanek. Lehenik eta behin, hodi zaharra erabileratik kanpo utzi behar da, eta, horretarako, by-pass edo hodi batetik besterako sistema alternatibo bat jarri beharko da aurrez ura etxe guztietara heltzeko. Julio Urkijo etorbideko 3 eta 23 zenbakien arteko hodia aldatuko dute, hau da, Eroski supermerkatu paretik M.Sol elektrizitate saltoki parera doana, gutxi gorabehera. Gipuzkoako Urakek bere esku dauden neurriak hartuko ditu "lanek ahalik eta eragozpen gutxien sor ditzaten". Guztiak saihestea "ezinezkoa" izango den arren, udalak azaldu du lanak "arazoari behin betiko konponbidea emateko asmoz" egingo direla.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide