(Ihintza Elustondo)
Azkoitiko EH Bilduk jakinarazi duenez, Azkoitiko Udalak dekretu bat onartu zuen ostiralean –ekainak 23–. Dekretu hori joan den astean sare sozialetan zabaldutako
bideoaren harira etorri da. Hain zuzen, gaika bereizitako hondakinak kamioi batek nahastuta jasotzen dituela ikusten da irudietan, eta gertakariak erreakzio soka luzea ekarri du. Zabor bilketaren ardura
elkarri leporatu diote Azkoitiko Udalak eta Urola Erdiko Mankomunitateak, eta oposizioko alderdiek beren iritziak kaleratu dituzte.
Dekretuaren berri izan ostean, zenbait adierazpen egin ditu EH Bilduk. Koalizioaren arabera, "presaka hanka sartzea zuzentzeko asmotan edo" sinatu zuen Javier Zubizarreta alkateak dekretua, eta bertan, Urola Erdiko Mankomunitateari eskatzen dio berriz ere hondakinen bilketa eta garraio ikuskatzea bere gain har ditzala.
Azkoitiko EH Bilduren arabera, dekretuak bi helburu: "Batetik, teknikoki bizkarrak zaintzeko intentzio garbia, eta, bestetik, ekaineko plenoan egindako txapuza politikoa konpontzea. Hau da, udalak bere gain hartu zituen eskumenak ezin zituela hartu onartzen du, eta hemendik aurrera mankomunitateari gogorarazten dio bere lana dela lan horiek egitea. Horrekin batera, horretarako finantziazioa udalak jarri behar duela onartzen du".
Koalizioak azaldu duenez, dirua jarri behar da, lan horiek aurtengo mankomunitateko aurrekontuetan aurreikusita ez daudelako. EH Bilduren esanetan, mankomunitateak Azkoitiko plenoaren erabakia bere gain hartu zuen, aurrekontuentan ez sartuz.
Koalizioak dio oraindik ez dakiteka zein neurri eta bitarteko jarriko dituen martxan Udal Gobernuak egoera honi konponbide bat emateko. "Ez dakigu hondakinak nahastuta jasotzen jarraitzen duten, eta hori da gehien kezkatzen gaituena".
Hona hemen ostiralean onartutako dekretua: