Azkoitiko EH Bilduko ordezkariak. (Ihintza Elustondo)
Azkoitiko EH Bilduk prentsaurrekoa eman du gaur arratsaldean, azken egunotan zeresana ematen ari den
bideoaren harira. Bertan, hondakinak biltzeko kamioi bat ageri da Aizpurutxon, gaika bereizitako hainbat zaborrontzitako edukiak nahastuta jasotzen. Zabor bilketaren ardura
elkarri leporatu zioten atzo Azkoitiko Udal Gobernuak eta Urola Erdiko Mankomunitateak, eta gaur etorri da Azkoitiko EH Bilduren erantzuna. Koalizioak ere Udal Gobernuari leporatu dio hondakinen kudeaketaren ardura: "Zaborraren arduragabekeria larri honen arduradunak Javier Zubizarreta eta bere gobernua dira".
Azkoitiko EH Bilduren arabera, Udal Gobernuak 2016ko ekaineko udalbatzarrean hondakin bilketaren jarraipenaren ardura bere gain hartu zuen. Honako hau esan zuen orduan EAJren Udal Gobernuak, koalizioaren esanetan: "Ikuskatze lana egitea oso garrantzitsua dela iruditzen zaigu, baina lan horiek udaletik zuzenean egitea egokiagoa ikusten dugu".
Horrez gain, oposizioak nabarmendu du udala herritarrei "gezurretan" ibili dela. "Aurreko astean prentsan agertu ziren esanez arazoa konpondu zela, eta atzo beraiek onartu zuten lehengo astetik dutela bideoaren berri. Beraz, inkonpetenteak ala ezkutatzaileak dira?. Zeren zain egon dira herritarrei horren berri emateko? Orain ikerketa zabalduko omen dute, baina bideoa sare sozialetan zabaldu arte ez al zegoen ikerketarako arrazoirik? Ikuskatze lana udaletik egin behar bazen non egon dira?".
Koalizioaren esanetan, "inprobisazioaren eta gestio txarraren ondorio" da azkoitiarrak pairatzen ari direna, "baliabideetan murrizketak egitearen beste ondorio bat".
"Norena da Zubizarretak aipatzen duen joko zikina? Ez da ba izango EAJrena gauzak ezkutatzeagatik eta herria engainatzeagatik?". Galdera horiek egin ditu Azkoitiko EH Bilduk.