https://www.youtube.com/watch?v=X6g-WmCbj30
Hautsak harrotu ditu gaur goizean herritar batek sare sozialetan eskegitako
bideoak. Irudietan Urola Erdiko Mankomunitatearen kamioi bat ikus daiteke Aizpurutxo auzoan, gaikako edukiontzi desberdinetako hondakinak ibilgailura husten. Herritarren artean eman du zeresana bideoak, eta erreakzio soka luzea ekarri du.
Goizean, zaborrak horrela jaso izanaren zergatia azaltzeko oharra kaleratu du Urola Erdiko Mankomunitateak. Erakundearen arabera, 2015eko uztailetik hona "arazo handiak" izan dira Azkoitian, ontzi arinen eta organikoaren edukiontzietan behar ez den hondakin kopuru handia biltzen zelako. Arazoa konpontzeko hartutako neurrien artean, landa eremuan –Aizpurutxon, kasu– hondakin mota guztiak errefusarekin biltzea erabaki zutela adierazi dute: "Hainbat azterketa egin ostean, badakigu material desegoki gehiago egon ohi dela puntu horietan". Era berean, mankomunitateak adierazi du landa eremuko puntu horietako hondakinen kalitatea hobetzeko "lanean" ari direla, eta hemendik gutxira hondakinak berriz bereizita biltzea lortuko dutela.
Arratsaldean beste ohar bat kaleratu du mankomunitateak, eta han adierazi duenez, azken urteotan hondakinak biltzeko bi sistema izan dira herrian. Izan ere, 2014ko uztailean ezarri zuen EH Bilduk hondakinak biltzeko sistema mistoa. Urtebeteren ostean, EAJk 2015eko maiatzean udal hauteskundeak irabazi eta gero, sistema mistoa kentzea erabaki zuen Udal Gobernuak uztailean. Mankomunitateak dio, arazoak sortu zirenetik, "udalak erabaki bezala", azpikontratatutako Serbitzu enpresaren bidez jasotzen dituztela hondakin guztiak Azkoitian. "Mankomunitateak hasieratik errespetatu du udalaren erabakia, eta behar izan dituen zerbitzuak emateko prest izan da". Gainera, azaldu du, "arazoari irtenbidea emateko" gaikako bilketa egiten duen Serbitzu enpresarekin adostuta, "hainbat neurri" hartu dutela. "Herriguneko arazoa konpondu bada ere, landa eremukoek bere horretan segitzen dute", azaldu du udal elkarteak.
Bestalde, 2016ko ekainaren 21eko plenoan, Azkoitiko Udalak hondakinen gaikako bilketaren inguruko jarraipena "bere gain" hartu zuela gogorarazi du mankomunitateak. Horregatik esan du, gaur egun, Azkoitiko Udalaren esku daudela hondakinen bilketaren gaineko jarraipena eta hartu beharreko neurriak. Hala ere, udalari arazoa konpontzen laguntzeko "prest" agertu da mankomunitatea.
"Arazoa konpondu da"
Azkoitiko Udalak ez du gaur adierazpenik egin, baina joan den otsailean jakinarazi zuen ontzi arinekin izan zuten arazoa "konpondu" zutela. 2015eko urritik 2017ko otsailera arte, Azkoitiko ontzi arinen edukiontzietan bildutako hondakinak zabortegira eramaten zituzten errefusarekin batera, ondo bereizita ez zeudenez, ez zituztelako birziklatze plantan onartzen.
Udalak joan den astean azaldu zuenez, aurtengo otsailean hasi ziren berriro ontzi arinak birziklatze plantan onartzen, eta hondakin desegokien tasa "onargarria" dute orain herrian.
Horri lotuta, Iraitz Otaño EH Bilduren bozeramaileak azaldu du, "argi gelditu" dela udala "gezurretan" ari dela. "Herriko 7-8 puntutan hondakinak bideoan ikusten den bezala jasotzen dituzte; dena errefusa bezala. Hori erabaki teknikoa baino politikoa da, beraiek erabaki dute ez jartzea erremediorik egoerari eta horregatik dago arazo hori". Otañoren arabera, "arduragabe" jokatzen ari da udala. "Ez dute neurri gogorrik hartu hondakinen inguruan, eta horren emaitza da bi urte eta gero, oraindik, horrela ibiltzea; tristea da". Otañoren esanetan, EAJ Udal Gobernura iritsi zenetik "pila bat" jaitsi da birziklatze tasa: "Hilabete batzuetan %40ko bereizte tasatik ere jaitsi gara. Martxokoak dira esku artean ditugun azken datuak, eta %60-62koa da tasa".
Azkoitia Zero Zaborrek ere udalaren jarrera salatu du: "Birziklapena axola zaionaren itxura eman nahian ari da udala, baina azkoitiarrok edukiontzi desberdinetan botatzen ditugun hondakin denak kamioi berean nahasten dituztela ikusi dugu". Arratsaldean, berriz,
gutuna kaleratu du AZZk.
Ikerketa abiatuko du GHK-k
Gipuzkoako Hondakinen Kontsortzioak (GHK) jakinarazi duenez, herrietako hondakinen bilketaren eta horien tratamenduaren erantzukizuna mankomunitateena da; kasu honetan, Urola Erdikoarena. GHK-k esan duenez, ikerketa abiatuko du "mankomunitatearen datu guztiak jaso eta gertakaria argitzeko". Gainera, esan du erantzukizunak zehaztuko dituztela, baldin eta ikerketak hala eskatzen badu.