EH Bilduren zuzendaritza berriko kideak –Lehen lerroan, ezkerretik bigarrena da Josu Juaristi–. (EH Bildu)
Euskal Herria Bildu koalizioak gaur goizean egin du kongresu eratzailea, eta Josu Juaristi europarlamentari azkoitiarra izendatu dute Nazioarteko zuzendari. Besteak beste, gaurko kongresuan izendatu dituzte Mahai Politikorako, herrialdeko karguetarako eta idazkaritzarako ordezkariak. Zerrenda bakarra aurkeztu dute kongresurako, eta haren aldeko boza eman dute prozesu eratzailean parte hartu duten lagunen %84k.
Arnaldo Otegi izango da EH Bilduren koordinatzaile nagusia, harekin batera Mahai Politikoa osatuko dute Gari Mujikak, Ainhoa Beolak, Koldo Castañedak, Maider Carrerek eta Juaristik. Gainera, honako hauek izango dira lurraldekako koordinatzaileak: Ibon Saturnino (Araba), Asier Vega (Bizkaia), Unai Larreategi (Gipuzkoa) eta Jon Garai (Nafarroa). Bestalde, koalizioko alderdi bakoitzak ordezkari bana izango du Mahai Politikoan, eta horiez gain EH Bilduren Nafarroako Parlamentuko, Eusko Legebiltzarreko eta Espainiako Kongresuko nahiz Senatuko ordezkariek ere bai. Bestalde, arlokako ordezkariak ere izango dira EH Bilduren zuzendaritza berrian.
Gaurko kongresuan bildu diren ehunka lagunen artean izan dira eskualdeko herrietako EH Bilduko kideak ere. Argazkian ikus daitezke horietako batzuk.
EH Bilduren gaurko kongresuan izan diren eskualdeko bizilagunetako batzuk. (Iraitz Otaño)