Elosun eta Aittolan Otaba festak ospatuko dituzte asteburu honetan

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko eka. 16a, 10:42

Hiru eguneko egitaraua prestatu dute Elosun, eta Aittolan egun batekoa.

Iazko Attolako jaietako irudia. (Hitza) Elosun eta Aittolan Otaba jaiak ospatuko dituzte asteburuan. Elosun hiru eguneko egitaraua osatu dute, eta Aittolan igandeko ohiturari eutsiko diote. Aittolan, gurutzeko mezarekin hasiko dute igandeko festa. Ondoren, ogitartekoak banatuko dituzte, eta Izer eta Alabier trikitilariek eta Andoni EgaƱa eta Sebastian Lizaso bertsolariek eguerdia alaituko dute. 14:00etan, bazkaria egingo dute Aittola Zarren, eta, segidan, erromeria izango da trikitilariekin eta bertsolariekin 21:00 aldera arte. Elosun, berriz, bihar hasiko dira jaiak. 12:00etan, festei hasiera emango dien suziria botako dute. 12:30ean, Donato Larretxea aizkolariak igandean moztuko duen 148,7 ontzako gerri bueltako pagoa moztuko du. 16:30ean, mus txapelketa jokatuko dute, eta, 20:30ean, Julio Soto eta Iban Urdangarin bertsolariekin bertso afaria egingo dute. Afaria 28 euro ordaindu beharko da, eta izena 688 92 00 86 telefonora deituta eman behar da. Igandean, meza izango da, 12:00etan. 13:00etan, pilota partidak jokatuko dituzte auzoko pilotalekuan. 14:30ean, erretiratuen bazkaria egingo dute Elurmendin. 18:00etan, idi dema jokatuko dute Belarretaren eta Kabutzia arraindegiaren idi pareek. 1.500 kiloko Benta Oste harriarekin 30 minutuko lana egin beharko dute. Bitartean, Donato Larretxeak pagoa moztuko du. Astelehena Otaba Txiki eguna izango da Elosun. 12:00etan, auzoan hildakoen aldeko meza emango dute. 13:00etan, Piskolabitx egingo dute, eta 15:00etan, auzo bazkaria. 17:30ean, ume zahar eta gazteentzat jolasak egingo dituzte, eta 19:00etan, triki-poteoa izango da. 21:00etan, auzo afaria eta erromeria egingo dituzte, egun guztia alaitzen arituko diren Laja eta Lutxurdio trikitilariekin.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide