Floreaga Ikastetxeko ikasleak eta ordezkariak, atzoko sari banaketan. (Floreaga)
Azkoitiko Floreaga Ikastetxeko DBH4 mailako Aitor Ayerdik, Jone Larrañagak, Julene Iturbek, Maite Urrestik, Maria Santizok eta Unai Beristainek osatutako taldea Euskal Kultura Ondarearen hiru talde irabazleetako bat izan da. Atzo jaso zuten saria Gasteizen, Iñigo Urkullu lehendakariaren eskutik. Zornotzako Lauaxeta Ikastolak eta Ordiziako Oianguren BHIk jaso zituzten beste bi sariak.
Lehiaketako baldintzek eskatuta bezala, bi bideo prestatu dituzte. Batean euskal ondareari buruz aritu behar zuten, eta lehen bideo horretan euskalkiei buruz duten ikuspuntua azaldu dute ikasleek. Bestean, berriz, prestaketa lana erakutsi dute.
Guztira, 152 bideo aurkeztu dituzte lehiaketara. Ekimenaren xedea euskal kultura ondarea hedatzea da, eta, horretarako, DBHko 3. eta 4. mailako, Batxilergoko 1. mailako eta Erdi Mailako Heziketa Zikloetako lehen mailako ikasleek egindako hiru bideo saritu dituzte; horien artean, Floreagako ikasleena.
Hiru bideo hoberenak egin dituzten taldeetako kideek eta haien tutoreek jasoko duten saria honako hau da: Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatutako bidaia kulturala Irlandara –zazpi egunekoa, ekainaren 28tik uztailaren 5era–. Paddy Woodworth kazetari eta idazlea izango dute gidari, eta Irlandako toki esanguratsuak ezagutzeko eta bertako kulturara hurbiltzeko aukera izango dute. Saridunen ikastetxeak, berriz, oroigarri bat jaso du.
Ikusi
hemen atzoko sari banaketako bideoa.
Lotura
honetan ikus daitezke bideo irabazleak.