'Shine Again' antzerki musikala emango dute asteburuan Azkoitian

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko eka. 12a, 16:31

Ostiralean 18:00etan eta igandean 19:00etan eskainiko dute Baztartxo antzokian. Sarrerak 4 eurotan salduko dituzte, eta irabazien erdia Aspanogi haur minbizidunen elkartearentzat izango da.

(Argazkia: Shine Again) Donostian, Azkoitian, Azpeitian eta Elgoibarren egin ostean, ekainaren 16an –ostirala–18:00tan, eta 18an –igandea– 19:00tan Baztartxo antzokian eskainiko dute Shine Again antzerki musikala. Azkoitiko eta Azpeitiko neska-mutil gazte batzuek sortutako antzezlana da. Sarrerak 4 eurotan salduko dituzte, eta irabazien erdia Aspanogi haur minbizidunen elkartearentzat izango da. Sarrerak aurrez salgai egongo dira Azkoitiko Elkarguneko Gazte Informazio Bulegoan eta Kultur Sailean. Antzerki musikalean 30 pertsona igoko dira oholtzara, eta abestu, dantza nahiz antzeztu egingo dute. "Emanaldi koloretsua, entretenigarria eta musikaz betea", dela azaldu dute antolatzaileek. Lehengo zein gaur egungo musika entzun ahal izango da, eta adin guztietako ikusleei zuzenduta dago saioa. Gainera, azken bi emanaldiak izango direnez, "hainbat sorpresaz" gozatzeko aukera izango dute ikusleek. Ikuskizunaren promozioa egiteko asmoz, ekainaren 12an Floreaga Ikastetxean eta 13an Xabier Munibe Ikastolan dantza bana egingo dute umeak eskolatik irtetean. Ekainaren 20an, 18:30etan, Elkarguneko areto nagusian bideo proiekzio bat egingo dute entseguetan eta emanaldietan grabatutako elkarrizketa eta bideoak erakutsiz. Ekitaldi horretan emango diote Aspanogi elkarteari txekea. Ikuskizunak ikastola batean krisiak izan dituen eraginak azaltzen ditu. Ordura arte bi talde zeuden ikastolan: bata eliteko dantzariz osatuta, eta bestea, berriz, afizionatu hutsez. Baina murrizketen ondorioz, Junek, orain arte eliteko dantzariak zuzentzen zituenak, bere taldean jende baldar eta traketsa hartu beharko du. Orduantxe hasiko da guztia, Junek irabazleen taldea izatetik galtzaileena izatera pasa daitekeela ikusten duenean. Egoera horretan pertsonaiak hainbat sentimenduren artean murgilduko dira: laguntasuna, amodioa, traizioa... Baina, batez ere, irabazteko grina nagusituko da. Irakurri hemen Gipuzkoako Hitzak ikuskizunaren inguruan egindako erreportajea.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide