Larunbatean III. Pelotai Eune ospatu zuten Azkoitian, eta, antolatzaileen arabera, "egun borobila" izan zen. "Pixkanaka herritarrak egunari indarra ematen ari direla ikusi genuen, eta gazte askok egin zuten Pelotai Euneko kamiseta gorria edo urdina janzteko hautua", adierazi dute.
Goizean, Balda Plazan elkartu ziren pilotari beteranoak eta herriko hainbat gazte, eta Debako eta Azkoitiko dultzaineroekin Kontzejuperako bidea egin zuten. Bertan, pilotari ohiei omenaldia egin zieten. Sahatsa dantza taldekoek aurreskua egin zieten lehenik, eta Unai Izagirre bertsolariak bertso bat eskaini zien.
Ondoren, Pelotai Euneko txapelketako partidak jokatu zituzten. Jokin Aranbarrik eta Julen Aranburuk Iraitz Kortaren eta Markel Anduezaren aurka jokatu zuten finala, eta lehen bikoteak 22-14 irabazi zuen. Beraz, Aranbarrik eta Aranburuk jantzi zuten III. Pelotai Euneko txapela.
Goi mailako pilota partidetan, Alex Juaristi eta Jokin Errasti pilotari azkoitiarrek 30-18 irabazi zieten Apezetxea eta Saralegi pilotari profesional ohiei. Arratsaldean jokatutako partidan, Andreu eta Goenaga azkoitiarrek Peru eta Eneko Labaka gainditu zituzten 30 eta 19 irabazita.
Eguerdian, Joseba Jatetxean bazkaria egin zuten, eta 200 lagun inguru elkartu ziren bertan. Torre Zurin jarri zuten erakusketara ere jende ugarik egin zuen sartu-irtena.
Hona hemen Pelotai Eunean hartutako irudiekin osatutako bilduma eguneratua:
(Argazkiak: Hitza eta Pelotai Eune)
[flickr_set id="72157684881349405"]