Festa eguna ospatuko du Kalea Guztiona Da mugimenduak bihar Zumaiako Torreberrin

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko eka. 9a, 17:25

'Kolore guztiak debekuaren kontra!' lelo hartuta, hurrenez hurren, pailazoak, musika saioak, ipuin kontalariak eta bertso saioa izango dira 16:00etatik aurrera

Zumaiako Erribera kalean egindako lehen murala. (Argazkia: Romatet) Orain urtebete inguru lehen murala margotu zuten Kalea Guztiona Da mugimenduko kideek Euskal Herri mailan famatu egin den Zumaiako Erribera kaleko horman. Ekitaldiz betetako festa eguna izan zen iazkoa, eta aurten errepikatzeko asmoa erakutsi dute. Kolore guztiak debekuen kontra! lelo hartuta, Torreberri azpian egingo dute bigarren festa eguna bihar, larunbata. «Kalean erakusteko moduko kultur diziplinak ekarri nahi genituen. Gaueko kontzertuak Torreberri gaztetxean egingo dira, baina beste guztia kalean izango da: pailazoak, ipuin kontalariak, bertso saio indartsu bat...», diote larunbateko festa eguneko antolatzaileek. Berez, beraien asmoa bertso saio hori Aita Mari aretoan egitekoa zen, baina, Zumaiako Udalaren ezezkoarekin egin zuten topo. «Abenduan eskatu genuen tokia, eta hilabete eta erdi geroago erantzun ziguten: santelmoetan bertso saioa bazegoela eta ezezkoa eman ziguten. Guk Bertso Eskolarekin hitz egin genuen, eta esan ziguten gero eta bertso saio gehiago izan, bertsolaritzarentzako hobe zela. Beraz, beste eskaera bat egin genuen eta ez dugu erantzunik jaso. Gauzak horrela, kalean egitea erabaki genuen, eta horren inguruan beste ekitaldi gehiago antolatu ditugu». Kalea Guztiona Da mugimendua 2016ko martxoan sortu zuten,  Zumaiako Udalak herriko kaleetan pankartak eta kartelak jartzeko debekua iragarri eta hilabetera. Taldekideek positibotzak jotzen dute urte honetan egindako lana. «Debeku eta isun hauek jasotzen dituen ordenantza onartzeko asmoa zuen udalak eta pentsatuko zuen di-da batean onartuko zutela. Onartu ez bada izango da, ziur aski, erantzuna jaso dutelako». Udala debeku horiekin «dena zaku berean sartzen» ari dela diote. «Ezin duzuna da bitartekaria satanizatu; edukia da aztertu behar dena», azaldu dute mugimenduko kideek. Denbora honetan jasotako elkartasuna ere nabarmendu dute Kale Guztiona Da-koek. Hasiera hartan herriko 33 elkartek emandako babesa azpimarratu dute, baita sindikatu guztiena ere, «CCOOtik hasi eta LABera arte». «Babes hau eztabaida pizteko garrantzitsua izan da; zalantzarik gabe, bestela ez ginateke hemen egongo. Guk jarraituko dugu eztabaida hau planteatzen ahal dugunera arte».
EGITARAUA Ekainak 10, larunbata. Zumaian 16:00. Ane Gebara eta Mari, ipuin kontalariak. 16:45. Ekain Txou, adin guztietakoentzako pailazo ikuskizuna. 17:30. Bertso saioa: Uxue Alberdi, Jon Maia, Aitor Sarriegi eta Oihana Bartra bertsolariak. Gai jartzailea: Estitxu Eizagirre. 18:45. Pobresiak, poesia azidoak. 19:30. Trigger, txelo rock esperimentala. 20:30. Silvio eta Rodriguez, Silvio Rodriguezen bertsioak. 22:30. Kontzertuak Torreberri gaztetxean: Brote, Parrazta, Hortzaka eta Katuarrai.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide