Tailerraren antolatzaileak, gaur Azkoitian egindako aurkezpenaren ostean. (Azkoitiko Udala)
60 urtetik gorako pertsonen erdiak erori egiten dira urtean behin gutxienez, Urolako Osasun Publikoko teknikari Nacho Garciak azaldu duenez. Haren arabera, horrek ondorio fisikoez gain, ondorio psikologikoak ere ekartzen ditu; izan ere, berriro gertatzeko beldurra eragiten die adinekoei. Pertsona nagusien artean, istripuen %92 erorketek eragiten dituzte. Errealitate horren aurrean, Azkoitiko Udalak, Osakidetzak eta anbulatorioak erortzeak saihesteko tailerra antolatu dute. Gaur aurkeztu dute egitasmoa hiru erakundeetako arduradunek Azkoitian.
Bi saio izango dira, bata teorikoa eta bestea praktikoa. Ekainaren 13an eta 20an izango dira, 10:00etatik 12:00etara, Elkargunean. Zati teorikoan arrisku eta babes faktoreak izango dituzte hizpide, baita laguntza baliabideak ere. Besteak beste, honako gai hauek jorratuko dituzte: kanpoko arriskuak, botiken eragina, aldaketa fisiologikoak... Horrez gain, oreka mantentzeko nahiz lurretik altxatzeko teknikak erakutsiko dituzte.
Tailerra 60 urtetik gorakoei zuzendua dago, eta nahi duena zaintzailearekin edo familiako norbaitekin joan daiteke saioetara. Izena emateko azken eguna ekainaren 12a da, datorren astelehena. Anbulatorioan eman behar da izena, bertara joanda edo 943-00 76 10 telefonora deituta. Tailerra doakoa da. Antolatzaileen asmoa aurrerantzean urtean gutxienez bi edo hiru tailer egitea da.