Irailaren 10era arte egongo dira zabalik igerilekuak. Hobekuntza batekin hasiko dute denboraldia: haurren jolas parkea berritu dute.
Datorren ostiralean, ekainaren 9an, zabalduko dituzte Azkoitiko Ugarteigarango igerileku irekiak, udako denboraldiari ekinez. Goizeko 10:30etik iluntzeko 20:00etara egongo dira zabalik instalazioak. Igerilekuez gozatzeko azken eguna, berriz, irailaren 10a izango da. Beraz, guztira, 94 egunez egongo dira zabalik igerilekuak.
Iaz, orotara, 45.226 erabiltzaile izan ziren igerilekuetan, eguneko, batez beste, 462. Aurreko urteko egunik jendetsuena ekainaren 23a izan zen; 1.633 lagun bertaratu ziren.
Haur jolas parkea berritu da
Hobekuntza batekin hasiko dute aurtengo denboraldia. Izan ere, igerileku irekietako haur parkea berritu dute, umeen gozamenerako.
Igerilekuen arduradunek "guztionak diren espazioak zaintzeko" eskatu dute. "Zelaian zigarrokinak ez botatzea, zakarrontziak erabiltzea eta dutxen erabilera arduratsua egitea ezinbestekoa da bizikidetza ona bermatzeko". Halaber, bakoitzak bere abonu edo bazkide txartela erabiltzea eskatzen da sarrera-irteerak errazteko.