Mitologiaren eta sinesmen zaharren inguruko zikloa izango da. Bihar izango da lehen saioa: Joxe Ramon Zubimendi 'Gipuzkoa Mari Lur' izenburupean ariko da solasean.
Sustraiak Bizirik kultur elkarteak mitologiaren eta sinesmen zaharren inguruko hitzaldi sorta antolatu du Azkoitian. Guztira, lau solasaldi izango dira ekainean; guztiak, ostiraletan. 19:00etan hasiko dira saioak, eta Elkargunean izango dira.
Bihar izango da lehen hitzaldia. Bertan, Joxe Ramon Zubimendi Gipuzkoa Mari Lur izenburupean ariko da solasean. Ekainaren 9an, Juan Antonio Urbeltz ariko da hizlari lanetan, Gipuzkoa Mairu Lur gai hartuta. Ekainaren 16an Aitor Puy Arrieta ariko da solasean, Euskal pentsamendu indigena izenburupean. Azken saioa, berriz, ekainaren 23an izango da: Gurutz Garmendiak eskainiko du, Mari eta euskal sinesmen zaharrak izenburu hartuta.