Gaur eta bihar banatuko dituzte Azkoitia Lagunkoia programako inkestak

Erabiltzailearen aurpegia Azkoitiko Hitza 2017ko mai. 25a, 15:13

Atzo azaldu zituzten galdetegiaren nondik norakoak, Elkargunean. (Azkoitiko Udala) Azkoitia Lagunkoia programaren barruan, herria adinekoentzat zenbateraino dagoen egokituta ikusteko, galdetegiak banatuko dituzte etxez etxe. Guztira, 5.500 galdetegi banatuko dituzte, etxe bakoitzerako bat. Gaur eta bihar artean egingo dute banaketa, eta ekainaren 16ra arteko epea ezarri dute inkestak beteta bueltatzeko. Azkoitia Lagunkoiak herritarrak inkesta betetzera animatu ditu, eta behin erantzundakoan, inkesta beteta bueltatzeko identifikagarriak diren buzoiak ipini dituzte honako toki hauetan: udaletxeko sarreran, Elkargunean, Jubilatuen Elkartean, San Jose Egoitzan eta Floreagako tabernan. Buzoiak dauden tokietan, eskuragarri egongo dira inkestak ere, norbaitek ale gehiago beharko balitu etxean jasotzen duenaz gain. Inkesta erraz betetzeko modukoa da eta edonork egin dezake, betiere, adineko pertsonekin pentsatuz, bereziki haiei zuzendutako egitasmoa delako Azkoitia Lagunkoia. Galderetan hainbat gairen inguruko balorazioa eskatzen da: besteak beste, irisgarritasuna, komunikazioa, garraioa, partaidetza, gizarte integrazioa, etxebizitza eta aisialdia jorratzen dira, eta horiei buruz galdetzen da dokumentuan. Erabat anonimoa da kontsulta. Inkestaren emaitzak aztertu ondoren, Azkoitia Lagunkoiaren talde eragileak balorazio bat egingo du eta lehentasunak finkatuko ditu. Lan hori udazkenean egingo dute. Talde eragilea Azkoitian talde eragilea urte hasieratik ari da lanean. "Oinarrizko lan bat egina zegoen Azkoitira edo beste edozein herritara egokitzeko. Inkesta bagenuen eta merezi zuela herrira egokitzea ikusi genuen. Jendeari esango nioke normalki kalean edo tabernetan hitz egiten diren gauza horiek baloratzea gurutze bat eginez udalari jakinarazteko. Espaloiak nola dauden, parkeak… beste galdera potolo bat ere badago: herria garestia den edo ez", azaldu du talde eragileko partaidea den Txema Urrutiak. Azkoitia Lagunkoia taldea boluntarioek osatzen dute, eta hilean behin elkartzen dira. Irekia da taldea eta edonork parte har dezake bertan. Egiten ari den lana babesteko eta indartzeko, aurreko astean udalak hitzarmena sinatu zuen Eurko Jaurlaritzarekin ofizialki Azkoitia Euskadi Lagunkoia sarera atxikiz, beste 40 udalerrirekin batera. Zozketa Zozketa egingo dute inkesta betetzen dutenen artean. 350 euroko bonoa jasoko du saridunak Herrixen merkatari elkarteko saltokietan gastatzeko. Zozketa ekainaren 21ean egingo da. Zenbaki saritua prentsan eta udalaren webgunean jakinaraziko da. Saria jasotzeko, beharrezkoa da inkestarekin batera doan gutuna gordetzea, bertan agertzen delako zenbakia. Honelako buzoiak ipini dituzte galdetegiak bertan uzteko:

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide