Urola Kostako Udal Elkarteak Zumaian duen Soldadura Zentroak ekainaren 5ean zabalduko du 2017-2018 ikasturterako izen-emate epea. Derrigorrezko Bigarren Hezkuntza gainditu ez duten 15, 16 eta 17 urte bitarteko gazteentzat zuzendutako ikasketak dira, eta ekainaren 16a bitartean izango dute izena emateko aukera. Interesa duten pertsonek zentrora deitu eta instalazioak ikusteko nahiz argibideak jasotzeko hitzordua eskatu dezakete maiatzaren amaiera bitartean.
Soldaduran, fabrikazioan eta muntaian espezializatzeko aukera dute gazteek ikastaroa eginda. Helburu bikoitza du: alde batetik, ikasketa praktikoaren bidez, ofizio edo lanbide baten oinarrizko ezagutzaren jabe izatea eta, bestetik, ikasketei jarraipena ematea erdi mailako ziklo bat eginez.
Lehen zatian honako ikasgaiak jasoko dituzte: fabrikazioko oinarrizko eragiketak, soldadura eta metalezko arotzeria, aluminio eta PVCko arotzeria, galdaragintza arineko oinarrizko eragiketak, zientzia aplikatuak I, komunikazioa eta gizartea I, eta tutoretza eta orientazioa. Ikasturtearen bigarren zatiko ikasgaiak, berriz, hauek izango dira: elektronika eta elektrika taldeak, karbonodun altzairuzko materialen soldadura, zientzia aplikatuak II, komunikazioa eta gizartea II, lan prestakuntza eta orientazioa, tutoretza eta orientazioa eta lantegietan formakuntza. Amaierarako utziko dute eskualdeko lantegietan laneratzea.
Izenak emateko edo argibide gehiago jasotzeko Soldadura Zentrora joan beharko da (Urola plaza 10, Estazioko industrialdean), soldadurazentroa@urolakosta.eus helbidera idatzi edo 943-86 25 76 telefonora deitu.
Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.
Izan Gukakide