Pop doinuek eta dantzak bat egingo dute zapatuan Ondartxo plazan

Erabiltzailearen aurpegia Juan Luis Romatet 2017ko mai. 24a, 09:35

Astindu taldeko dantzariek eta Zumaiako Musika Bandak eskainiko dute ikuskizuna. Hilabeteko larunbatetan egin den Maiatza Dantzan zikloaren azken saioa izango da

Joan den larunbatean Dantzara ikuskizuna eskaini zuten. (Gorka Zabaleta) Astindu dantza taldearen Maiatza Dantzan zikloa larunbat honetan amaituko da Zumaiako Musika Bandak eta Astinduko dantzariek eskainiko duten Dancing with the stars izeneko ikuskizunarekin. Saioa 22:30ean izango da, Ondartxo plazan. Maiatza Dantzanen barruan hilabeteko larunbatetan egindako laugarren eta azken saioa izango da hilaren 27koa. Astindu beraren egunaren eta pintura nahiz dantza uztartzen zituen saioaren ondoren, iragan larunbatean Dantzara izeneko ikuskizuna egin zuten Eusebio Gurrutxaga plazan. Zumaian eskaintzen diren dantza eskoletako ikasleak izan ziren protagonistak. Hip hop, capoeira, dantza modernoa, klasikoa, garaikidea, txa-txa-txa, bachata edo Kubako rueda bezalako dantzak ikusteko aukera izan zuen saiora gerturatu zen jende andanak. Aurtengo zikloa amaitzeko, Banda eta Astinduren ikuskizuna egingo da larunbat gauean. Joxe Mari Azkuek zuzentzen duen Bandak bere alde jostagarriena erakutsiko du. Pasodobleak eta filmeetarako prestatutako musikak une batez alde batera utzi, eta gazteek ezagun dituzten pop munduko izar handien egokitzapenak joko ditu: Ed Sheeran, Taylor Swift, Katy Perry edo Bruno Marsen kantak joko ditu, eta baita Coldplayren Viva la vida edo Pharrellen Happy ezagunak ere. Abesti hauek kantatzera gonbidatu bereziak igoko dira oholtzara. Alde batetik, Kerman Gardel donostiarra, 2014ko La Voz Kids saioan parte hartzailea izan zena, eta, bestetik, Maria Martinez gazte zumaiarra. Musikarien artean, Tiktara taldeko buru eta Musika Eskolako irakasle Harkaitz Bastarrika ere izango da. Doinu horiekin egingo dute dantza Astinduko dantzariek. 25 bat dantzarik hartuko dute parte larunbateko saioan. Azken hilabateotan aritu dira dantzak prestatzen Amaia Bernal irakaslearen aginduetara. Astinduk eta Bandak aurretik ere kolaboratu izan dute. Orain dela bi urteko ikuskizuna ere bien artean egin zuten, baina emaitza gazi-gozoa izan zen. Iaz Bandak Ondartxo plazan bertan emandako kontzertuan oinarritu dira larunbateko saiorako. "Aulkiak izango dira ikuskizuna jarraitzeko, baina ez da izango eserita egoteko saioa", azpimarratu du Azkuek.

Gukak zu bezalako irakurleen babesa behar du tokiko informazioa euskaraz eta modu profesionalean lantzen jarraitzeko.


Izan Gukakide