Ekaitz Alcantara atzo Zumaian jokatutako partidan. (Baleike.eus)
Martxan da 50. Gipuzkoako Herriarteko Txapelketa. Orio kaleratu egin zuten joan den asteburuan, eta, asteburu honetan, eskualdeko beste lau herritako taldeak batuko dira lehiara: Azkoitia, Azpeitia, Zestoa eta Zumaia. Hain zuzen, final zortzirenak jokatuko dituzte.
Azkoitia Asteasuren aurka aritu zen atzo, Asteasun, eta kadete eta jubenil mailan lortutako garaipenei esker, bat eta bi aurreratu ziren azkoitiarrak. Kadete mailako Azkoitia-Uranga bikoteak 22-3 irabazi zuten neurketa. Jubenil mailan, Oteiza-Azkoitia bikoteak Azkoitiari bigarren garaipena eman zion 22-14 irabazi ondoren. Senior mailan, hirugarren garaipena lortzear izan zen Juaristi-Juaristi bikotea, baina 22-20 galdu zuten. Datorren ostiralean, hilak 26, Azkoitiko Gurea pilotalekuan jokatuko dute itzulerako partida azkoitiarrek.
Azpeitiak Tolosarekin neurtu zituen indarrak atzo, Azpeitiko Frontoi Txikian, eta aise gailendu ziren azpeitiarrak: 3-0. Unai Alberdik eta Mikel Unanuek 22-5 irabazi zuten kadete mailan; Jon Alberdik eta Julen Egigurenek 22-5 jubeniletan. Senior mailan, Markel Etxaniz eta Daniel Murgiondo 14-9 aurretik zirela, Etxanizek min hartu eta Josu Uzkudun sartu zen haren lekuan. Hala ere, 22-17 bukatu zuten partida Azpeitiko seniorrek. Itzulerako partida maiatzaren 28an, igandez, jokatuko dute, Tolosako Beotibar pilotalekuan.
Zumaia, berriz, hamabost urteren ostean animatu da txapelketan parte hartzera. Zumaiarrek Astigarragaren aurka neurtu zituzten indarrak atzo etxean, eta Astigarrak hartu zuen aurrea kanporaketan, 1-2 irabazita. Kadete mailako Alcantara-Beristain bikoteak 16-22 galdu zuen, jubenil mailako Larrañaga-Etxabe bikoteak 22-9 irabazi, eta senior mailako Iriondo-Alkorta bikoteak 3-22 galdu. Itzuliko partida datorren ostiralean, maiatzak 26, jokatuko dute, Astigarragan.
Zestoak gaur jokatuko ditu joaneko partidak, Oñatiren aurka, Zestoako kiroldegian, 19:30ean hasita.